Urtarrilaz geroztik lehen aldiz, gora egin dute kasuek bailaran

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 17a, 13:30

Azken datuen eguneraketetan aurreikusi zitekeen bilakaera aldaketa egikaritu da gaur: urtarrilaren 2tik lehen aldiz, aurreko astean baino positibo gehiago atzeman dira aste honetan Debagoienean (66). Ondorioz, intzidentzia-tasak ere gora egin du (198,42). Haatik, Oñati batu zaie Antzuola, Aretxabaleta, Gatzaga eta Elgetari eremu gorritik kanpo dagoen herri gisa.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egoera epidemiologikoaz egindako azken eguneraketek bilakaera aldaketa bat irudikatzen zuten. Araua hausten zuen kasua zen Debagoienarena; hots, Hego Euskal Herriko lau probintzietan joera martxoko lehen egunetan aldatu zen, bailarako kutsatu kopuruek jaisten jarraitzen zuten garaian.

Gaur arte. Urtarrilaren 2tik lehen aldiz, aurreko astean baino bost kutsatu gehiago zenbatu dira. Gora egin dute positiboek Bergaran (+9), Oñatin (+3), Aretxabaletan (+2) eta Elgetan (+1), mantendu egin dira datuak Antzuolan eta Gatzagan, eta jaitsi, aldiz, Eskoriatzan (-7), Arrasaten (-2) zein Aramaion (-1).

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Intzidentzia, gora

Kutsatuen bidetik, intzidentziak ere gora egin du eguenetik astelehenera; 198,42an da uneotan. Ez da aldaketa nabarmena izan, bi puntuan soilik igo delako balioa, baina urtarrilaren 9tik beheranzkoa zen grafikoan bailarako lerroaren noranzkoa. Goranzko bilakaeran dira Gipuzkoa (540,49), Nafarroa (499,00), Araba (464,25) eta Bizkaia (445,50).

Oñati, eremu laranjara

Aldaketak aldaketa, Debagoieneko mapa ez da berriz gorriz marraztu. Are gehiago, eremu laranjara pasa da Oñati (130,80). Uneotan, Gatzaga soilik dago berdez (0,00), horiz dira Elgeta (88,42) eta Antzuola (91,79), eta laranjaz, berriz, Aretxabaleta (112,99) zein aurrez aipatutako Oñati.

Berriz behera

Joan zen aste amaierako gorakadaren ostean, behera egin du berriz Hego Euskal Herriko ospitaleetan dauden herritar kopuruak. Gaur-gaurkoz 219 pertsonak behar dute arreta, eta horietatik 31 daude Zainketa Intentsiboen Unitateetan; joan zen eguenean baino 6 eta 5 herritar gutxiago, hurrenez hurren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak