Ospitaleratuak gora, bailara kolorez jantzi den astean

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 14a, 14:47

Joan zen eguaztenean 189ko langara iritsi zenetik, goranzko joera hartu du berriz ospitaleratutako herritarren kopuruak Hego Euskal Herrian; 254 ziren atzo. Bien bitartean, eta jaitsiera egonkortu arren, bailarako bilakaera baikorra da. Antzuola eta Gatzaga ere eremu gorritik irten dira bailaran 57 kasu atzeman diren astean, eta intzidentzia-tasa 200etik jaitsi da: 196,85.

Joan zen astelehen eta egueneko datuen eguneraketetan jaitsiera eten izana atzeman bazitekeen, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako azken datuak ez dira baikorrak. Pixkanaka bada ere, gorantza hasi dira berriz pandemiaren adierazle nagusiak. Hitzetatik zenbakietara, otsailaren 28aren eta martxoaren 6aren artean 6.086 kutsatu hauteman ziren Hego Euskal Herrian; joan zen astean, aldiz, 6.634. %9ko gorakada, alegia.

Debagoienean, baina, oraindik ez da joera aldaketarik eman. Egun berdinak aztertuta, 69 herritar kutsatu ziren duela bi aste, eta 57 azken astean; ondorioz, ia %18an jaitsi da positibo kopurua. Aretxabaletan (+5), Aramaion (+3) eta Elgetan (1), baina, gora egin dute kasuek.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Intzidentzian, pareko

Antzeko bilakaera irudikatzen du intzidentzia-tasari dagokion grafikoak. Badirudi Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako balioek jo dutela behea, eta goranzko joerari ekin diotela berriz; Debagoieneko lerroak, baina, beherantz jarraitzen du. Adierazgarria da bailara eta probintzia alderatzea, izan ere, Gipuzkoa da goranzko joera nabarmenena duen lurraldea; hots, ia 100 puntuan hazi da tasa azken 10 egunetan.

Kolorez jantzia

Eguaztenera arte Aretxabaleta eta Elgeta ziren eremu gorritik kanpo ziren bailarako bi herriak –eremu berdean ziren biak–. Bada, bi herri batu zaizkie, eta gainera, kolorez aldatu dute biek. Gatzaga (0,00) da uneotan eremu berdean dagoen Debagoieneko herri bakarra; horiz dira Elgeta (88,42) eta Aretxabaleta (98,87); eremu laranjara sartu berri esnatu da, aldiz, Antzuola (137,68).

Gora berriz

Datuen eguneraketako baliorik makurrenak, baina, ospitaleetako egoerarenak dira. Joan zen eguaztenean 189ko langara iritsi zenetik, gora egin du Hego Euskal Herrian erietxeetako zaintza behar duen herritar kopuruak; 254 ziren atzo. Zainketa intentsiboa, aldiz, 37 herritarrek behar zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak