Iritsi dira ukrainar batzuk, baina zaildu egin da hango komunikazioa

Hasier Larrea 2022ko mar. 11a, 11:26

Victoria Skotnytska, Arrasaten bizi den ukrainarra, haren ahizpa Olgarekin, Kievetik ihes egitetik iritsi berri.

Oñatiko Larraña harrera-etxeak 17 errefuxiatu jaso ditu asteon, eta Debagoienean bizi diren ukrainarren zenbait senitarteko ere heldu dira dagoeneko. beste askok Ukrainan jarraitzen dute, bertatik irten ezinik eta hemengoekin ezin komunikatuta.

Hamabost egun igaro dira Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik. Ziurgabetasun eta urduritasun handiz bizi dituzte egunok ukrainarrekin lotura estua duten familiek. Joan den zapatuan, komunikazio-dorreak suntsitu zituzten errusiar tropek, ukrainar zibilei kanpoaldearekin harremanak eteteko helburuarekin. Bien bitartean, gerraren hasieran herrialdetik ihes egitea lortu zuten zenbait ukrainarrek Debagoienean lortu dute babes probisionala.

Ksenija Vynnychenko eta Ksenija Lezhnina, Larraña harrera-etxean dauden errefuxiatuak:

"JASANEZINA DA ATZEAN UTZI BEHAR IZAN DITUGUN SENIDE ETA LAGUNEK BIZI DUTEN EGOERA"

Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak kudeatzen duen Oñatiko Larraña etxera heldu berri diren bi familiak testigantza gordinen berri eman zuten asteazkenean. Ksenija Vynnychenkok hiru seme-alabak hartu eta ihes egin behar izan zuen bere autoa hartuta. Ez du senarrik, baina maite duen jendea utzi behar izan du han; tartean, bere ama: "Bonbetatik babesteko soto batean gordeta egotera behartuta dago".

Ksenija Lezhninak azaldu zuen, besteak beste, ihes egin zuen hirian "hamahiru egunetan Errusiako tropek 50 bat ume" erail zituztela. Horrez gain, esker oneko hitzak ere izan zituen: "Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen lanari esker eta Oñatiko Larraña etxeko langileei eta bertan bizi diren pertsonei esker, gu eta gure umeak seguru sentitzen gara".

Oñatiko Larraña harrera-etxean ostatu hartu duten zenbait ukrainar, asteazkenean.

Agerraldian parte hartu zuten, baita ere, Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak eta Carmen Chaconek, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko zuzendariak. Legarretak zehaztu zuen Oñati, Berriz eta Tolosako harrera-etxeetan 27 ukrainar errefuxiatu jaso dituztela, eta Irunen "prest" dituztela edozein momentutan martxan jartzeko errekurtsoak. Chaconen hitzetan, "iritsi diren errefuxiatu gehienek nolabaiteko loturaren bat zuten aurretik, eta horregatik heldu ahal izan dira".

Anna Mertel, Oñatira etortzen den 13 urteko neska:

"LUR AZPIAN BIZI GARA, ETA ZOPA ETA OGIA BESTERIK EZ DUGU JATEKO"

Joan den zapatuan, Euskadi Irratiko Amarauna saioan elkarrizketatu zuten udan eta neguan Zorione Galdos oñatiarraren etxera joan ohi den Sucachi herriko Anna Mertel gaztea. Familiarekin etxeko sototik atera gabe pasatzen dute denbora gehien. "Ura eta argia falta zaizkigu, eta jateko zopa eta ogia bakarrik daukagu; kanpoan tankeak daude, nire etxe alboan pistolen balak aurkitu ditugu". Izan ere, "desiratzen" dago Oñatira itzultzeko, baita bere familia oñatiarra hura eta bere senideak jasotzeko ere: "Putinen hasierako mehatxuen aurrean, adostu genuen hiru seme-alabak eta ama etortzea. Hegaldiak begiratzen genbiltzala bi aireportuak itxi zituzten", aipatu du Galdosek. Elkarren berri izateari utzi zioten zapatuan.

Anna Mertel ukrainarra –erdian–, lagun oñatiarrekin.

Antzeko egoera bizi du Ainhoa Muruak. Haren familiak 12 eta 11 urte dituzten bi neska ekartzen ditu urtero, Chernobil elkartearen bitartez. Dio "prest" daudela bi neskak eta euren ahizpa txikia Oñatin jasotzeko, baina "beharrezkoa" dela adinez nagusikoa den gertuko senide batekin etortzea. Chernobil elkartetik egunero bidaltzen diete gerran gertatzen ari denari buruzko informazioa: "Korridoreak borrokak dauden tokietan irekitzen dituzte; Irpindik, adibidez, lortu dute batzuk irtetea. Baina borrokatik kanpo dauden herriak setiatuta daude eta bertan ez dira korridoreak antolatzen". Harriduraz azaldu du Ukrainako lagunei janaria bidaltzea lortu zutenekoa: "Otsailean bidali genien atuna, oilaskoa eta halakoak, eta ez dugu sinisten nola iritsi zitzaien otsailaren 24rako; justu, inbasioko lehen egunean". Bestela ere, "negurako kontserbak jaten" bizirauten dute.

Tania Sirosh, Arrasaten bizi den ukrainarra:

"NIRE HERRIKO IRUDIAK ERRUSIAKO MEDIOEN BIDEZ IRITSI ZAIZKIT EGUNOTAN"

Errusiako tropez inguratuta jarraitzen du Bielorrusia eta Kiev artean dagoen Tania Sirosh-en herriak. Amaren eta lagunen berririk ez du, aitarena bakarrik, erreserbista militarra delako. Baina bere herrikideen berri jakin ahal izan du komunikabide errusiarren bidez: "Iruditzen zait elkarrizketatu dituztenei xantaia egin dietela errusiarrek, aurpegi ona jarri eta hitz politak esateko". Gaineratu du Bielorrusiara joateko korridoreak ireki dizkietela, baina bide hori hartzeaz ez direla fio, erasotuak izango direlakoan". Lagun bat dauka bi semerekin Polonian, "diru gabe eta motxila batekin", eta hona etorri nahi dute: "Mugetara doazen boluntarioei laguntza eskatu nahi diet, nire lagunarekin kontakta dezaten". Bere telefono-zenbakia jarri du eskura: 626 10 77 11.

Olga Skotnytska, Arrasatera iritsi berri den ukrainarra:

"VLADIMIR PUTIN HUMANITATERIK GABE JOKATZEN ARI DA"

Duela egun gutxi iritsi ziren bailarara Victoria Skotnytska arrasatearraren bost senide; tartean, bere ahizpa Olga. Otsailaren 22an alde egin zuten Kievetik, autoan, 3.000 kilometro baino gehiagoko bidaiari hasiEra emateko. Olgak aipatu du "urduritasunagatik" berdin zitzaiela zenbat kilometro egin, eta "euren bizitza salbatzea eta laguntza jasotzea" zela garrantzitsuena. Hala, Polonian eman dituzte bost egun, Alemanian pare bat, eta Frantzian eta Donostian egonaldi laburra eginda iritsi dira Arrasatera.

Gaineratu du Gabonen ostean sumatu zutela jendea Ukrainako hiriburutik alde egiten, egun batetik bestera trafikoa asko jaitsi zelako. "Emakumeok alde egitea erabaki dugu, baina gizonezkoak, nire senarra, tartean, han geratu dira".

Orain, aldi baterako etxebizi-tza bila dabiltza, eta Arrasateko Udalak eskainitako baliabideen berri badaukate: "San Frantzisko elizako eta Aita Menniko instalazioak ikusi ditugu, eta baliteke, agian, azken horretan ostatu hartzea; aukera hori baloratu bitartean, ezagunen etxeetan moldatuko gara modu probisionalean". Bien bitartean, euren beste lau senidek zer egin zain daude, Alemanian baitaude gaur egun, "bertan geratu edo hona etortzeko zalantzarekin".

Victoria eta Olga Skotnytska ahizpak, Arrasateko Herriko Plazan.

Izan ere, Olga eta haren familiakoak jabetu dira zenbait hilabetez geratu beharko dutela hemen. Dokumentazioak errazteko aldi baterako babesari bu-ruzko legea onartu dute Europar Batasuneko gobernuek, baina Victoriak adierazi du oraindik ez dagoela indarrean: "Asteazkenean Polizia Nazionalarekin batu ginen, Zehar elkartekoekin ere bai, eta esan ziguten astelehenera arte ezin zigutela ezer esan. Gurutze Gorriak datuak hartu dizkigu, baina oraindik antolatzen ari direla esan digute. Zenbat denborarako? Gauza asko lotu beharra dugu, ez baitakigu zer egin dezakegun eta zer ez".

Gerrari buruzko iritzia galdetuta, Errusiako presidente Vladimir Putin "humanitaterik gabeko gizatxarra" dela adierazi du Olgak: "Sotoetan dauden umeekin eta erditzen ari diren emakumeekin gupidarik gabe jokatzen dihardu. Ez ditu korridoreak erraztu gura; baietz esaten du hasieran, baina gero, tropa errusiarrak zibilak tirokatzen hasten dira". Gaineratu du ezin daitekeela mundu osoa Errusiako presidenteagatik ikaratuta egon: "Ukrainar herria heroi gisa jokatzen ari den momentu latz hauetan, munduko herrialde guztiak batu eta gerra honi behin betiko amaiera eman diezaiotela eskatzen dugu".

Eudel-en elkarretaratzeak

Aretxabaleta, Arrasate eta Eskoriatzako udal ordezkariek bat egin dute Ukrainari babesa eskaintzeko Euskal Udalen Elkarteak (Eudel) deitutako deialdiekin, eta bost minutuko isiluneak egin dituzte. Eudelek adierazi du Erkidegoko udalek "600 plaza baino gehiago" eskaintzen dituztela euskal udalerrietan Ukrainako biztanleak hartzeko.

Eskoriatzan egin den elkarretaratzeko irudia.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak