'Hitzekin' bat egiteko, martxan da Korrika Lagun kanpaina

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 10a, 16:39

Garaguneko kideak ere Korrika Lagun egiteko gutunak banatzen arituko dira Arrasateko establezimenduetan. (Argazkia: AEK)

Guk ere Hitzekin lelopean, martxan da Korrika Lagun egiteko kanpaina Debagoienean. Bi urtean behin ohitura denez, ekimenari ekarpena egiteko gutunak banatuko dituzte establezimenduetan herrietako batzordetan lanean ari diren eragileetako kideek. Aurten, baina, berritasun nagusi batekin: ekarpenak transferentzia, webgune edo Bizum bidez egin beharko dira.

Ari da hurbiltzen martxoaren 31a. Ari da hurbiltzen 22. Korrika. Hiru urteko etenaren ostean –bi urteko maiztasunarekin, 2021ean ospatu beharko litzateke 22. edizioa–, milaka euskaltzalek antxintxika osatuko dituzte Amurrio eta Donostia arteko 2.180 kilometroak.

Bi urtean behin ohitura denez, AEK-k Korrika Lagun figura atera du establezimenduentzat. Guk ere Hitzekin lelopean, herrietako batzordetan lanean ari diren eragiletako kideek gutunak banatuko dituzte establezimenduetan, eskaeraren arrazoia, ekarpena egiteko modua eta hormetan itsasteko txarteltxoak banatuz. "Diru ekarpenak ez du mugarik, ez behetik, ez goitik. Hortaz, bakoitzak ahal duena ematea da eskaria, eta nola ez, txarteltxoak jartzea", adierazi dute bailarako AEK-ko kideek.

Hiru aukera

Aurtengo berritasun nagusia ekarpena ekiteko moldeetan egongo da. Aurten arte gutuna ematera zein gutunaren bila pasatzen ziren herriko eragileak, eskaintza egin zein egindako ekarpena jaso asmoz. Aurtengoan, baina, itzuli bakarra egingo dute establezimenduetara batzordetan lanean ari diren kideek.

Izan ere, ekarpenak modu telematikoan egin beharko dira; zehazki, transferentzia, webgune edo Bizum bidez.

  • Transferentzia bidez: ES70 3035 0072 02 0720037810 kontuan.

  • VISA txartelaren bidez: korrika.eus-en ekarpenak atalean.

  • Bizum bidez: Korrika edo AEK hitzak bilatuz.

Hala ere, bide telematiko bidez "norbaitek ezingo balu edo ez balu nahiko horrela egiterik, gutuna AEKra ekartzerik ere badu, jakina", adierazi dute bailarako kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak