Aretxabaleta eta Elgeta, eremu berdera

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 10a, 13:40

Hiru hilabete pasa geroago, eremu berdera igaro dira bailarako bi herri: Aretxabaleta eta Elgeta. Kutsatu kopuruak egonkortzen ari diren egunotan, behera egin dute kasuek Debagoienean modu xumean bada ere; 61 kasu izan dira azken zazpi egunetan (-14), eta intzidentzia-tasa jaitsi egin da. 189 ospitaleraturekin –37 ZIUetan–, Hego Euskal Herriko ospitaleetako presioa arintzen ari da. 

Espainiako Estatuan barnealdeetan musukoaren erabilera eztabaidagai den garaiotan –Sanchez presidenteak neurria "laster" kenduko dutela ohartarazi zuen aste hasieran–, Osasun Sailak eta Osasunbideak egindako egoera epidemiologikoaren datuen eguneraketek balio beste irakurketa egiteko aukera eskaintzen dute.

Aste hasierako egonkortzetik harago, pixkanaka goranzko joera atzeman liteke kutsatu kopuruan Araban, Bizkaian, Nafarroan, eta, batez ere, Gipuzkoan. Debagoiena, baina, ez da bilakaera horren parte. Izan ere, duela bi aste baino 14 kasu gutxiago atzeman dira azken zazpi egunetan, eta hautemandako positiboek gora egin duten lau herrietan ere –Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate eta Eskoriatza– ez da gorakada aipagarririk izan. 

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Joera aldaketa

Gaitza atzeman zaien herritar kopuruetatik harago, intzidentzia-tasaren grafikoaren bilakaerak modu bisualean uzten du agerian joera aldaketa. Nafarroakorekin batera (418,48), bailarako tasak pixkanaka beherantz jarraitzen duen bitartean (212,48), apenas aldatu da balioa Bizkaian (393,11) eta Araban (405,50) azken zazpi egunetan. Gipuzkoan (473,73), berriz, 55 puntutan hazi da azken sei egunetan.

Berdea

Hiru hilabete pasa geroago, Debagoieneko intzidentziaren mapak kolore berdea ikusi du berriz; Aretxabaleta (56,50) eta Elgeta (0,00) dira horren erantzule. Aramaio izan da aste hasieratik gora egin duen herri bakarra (675,68); Leintz Gatzagak eta Arrasatek azken eguneraketako tasa berdina dute, eta gainontzeko herri guztiek, berriz, beheranzko joeran jarraitzen dute.

Presioa arintzen

Hego Euskal Herriko ospitaleetako egoera onera doa. Azken astean ZIUetan dauden herritar kopuruan aldaketa handirik egon ez den arren (39 eta 44 herritarren artean izan dira egunero. Atzo 39 ziren), nabarmen jaitsi da erietxeratuta dauden pertsona kopurua. 261 ziren gaur zortzi; 259 astelehenean; gaur, aldiz, 189.

Adinekoen egoitzak, garbi

Martitzenean eguneratu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak probintziako adinekoen egoitzei dagozkien datuak. Oñatiko San Martin egoitzan zeuden bost egoiliarrek gaitza gaindituta, ez da hildako, kutsatu berri, edo kutsatu aktiborik bailarako zentroetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak