Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako COVID-19aren inguruko datuen eguneraketek ondorio bat bistaratzen dute: eten egin da urtarrilaren bigarren hamabostalditik zetorren beheranzko joera. Erreprodukzio indizea goranzko joeran zen joan zen astetik –1,11an da uneotan–, eta hasi dira ondorioak bistaratzen kutsatu kopuruan zein intzidentzian.
Araban (+99), Bizkaian (+265), Gipuzkoan (+296) zein Nafarroan (+14) gora egin dute atzemandako kasuek joan zen asteko eguenetik domekara arteko eta azken lau egunetako balioak alderatuz gero. Bailara salbuespena da, sei positibo gutxiago atzeman dira eta. Antzuolan, Aramaion, Arrasaten, Bergaran eta Eskoriatzan, baina, gora egin du gaitza atzeman zaien herritar kopuruak azken astean.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Intzidentzia-tasan, ondorioak
Intzidentzia da aipatutako joeraren beste ageriko adierazle bat. Osasun Sailak eguenean egin zuen datuen eguneraketarekin alderatuta, gora egin du intzidentziak Araban eta Gipuzkoan, eta behera, aldiz, Bizkaian eta Nafarroan. Debagoieneko tasak, eta modu apalean bada ere, beheranzko bilakaerari eusten dio; 245,29an da uneotan.
Bi herri eremu horian
Gaur zortzi Aretxabaleta izan zen eremu gorritik irten zen bailarako lehen herria. Bada, bigarren herria ere aldatu da kolorez gaurko datuen eguneraketan: Elgeta. 70,62an da tasa lehenean, eta 88,42an bigarrenean. Gertu dira eremuz aldatzetik Bergara (179,57), Arrasate (217,37) eta Antzuola (229,46) ere. Txanponaren beste aldean, gora egin du intzidentziak azken lau egunetan Aramaion (472,97) eta Eskoriatzan (341,21).
Egonkortuta
Hego Euskal Herriko ospitaleen egoerari dagokionez, egonkortu egin dira gaitzaren eraginez osasun arreta behar duten pertsona kopuruak. Uneotan 259 herritar daude erietxeratuta, joan zen astelehenean baino 49 gutxiago, baina iragan eguenean beste. ZIUetan, aldiz, 42 eri daude, joan zen astean baino 9 gutxiago. Hildakoei dagokionez, gaitza zuten 106 herritar hil ziren iragan astean.