Ana Nogueiras: "Pausoak borrokaren bitartez emango dira"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko mar. 8a, 08:00

Ana Nogueiras.

Duela urte batzuk hasi zen Nogueiras garbikuntzan: lehenengo, ikastolak garbitzen; gaur egun, bulegoak garbitzen ditu. Genero arrakalaren gainean hitz egin du.

Lan ikusezina egiten dutela dio Nogueirasek: "Inork ez daki bere enpresa edo eskola nork garbi-tzen duen".

Eraikinetako garbitzaileen lansaria kale garbitzaileena baino txikiagoa da. Zein da egoera?

Soldata arrakalaren adibide garbia da gaur egun 7.300 euroko diferentzia dagoela Gipuzkoan kale garbitzaileen –gizonezkoak nagusi– eta eraikinetako garbitzaileen –emakumezkoak gehienak– artean. Datu horretan, gainera, oinarrizko soldata delakoa hartzen dugu kontuan, plus barik. Hala ere, plus horiek nahiko diskriminatzaileak dira. Kale garbikuntzan plus toxikoak eta arriskutsuak sartzen dira, eta guk ez dugu horrelakorik kobratzen. Nik komunak garbitzen ditut, beste batzuek eskolako laborategia, plastika gela... Hori ez da toxikoa? Gainera, gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakalaren kalkulua androzentrista da. Gizonen soldata hartzen da oinarri bezala arrakala kalkulatzeko. Emakumeena hartuko balitz, handiagoa litzateke.

Zer dela-eta gertatzen da gizonen eta emakumeen arteko lan bereizketa hori?

Garbikuntzan lan fiskoa hartu izan da kontutan; itxura denez, kalea garbitzeko indarra behar da... Beharbada, garai batean, makineriarik gabe, horrela izan zitekeen, baina gaur egun ez dauka inongo zentzurik. Ohitura eta kultura matxistak edo irudimen matxistak iraunarazi dituzte joera horiek.

Mobilizazioetan, lan hitzarmen berria dago eztabaidan. Zelan daude negoziazioak?

Askotariko mobilizazioak daude; orain, adibidez, Diputazioak kontratatzen dituen garbitzaileak daude greban eta mobilizazioak egiten. Gu ere bagabiltza mobilizazio horiek piztu nahian, udalez udal. Udal gehienek dute azpikontratatuta eraikinen garbitasuna eta baita kale garbikuntza. Arrakalak daude guztietan; beraz, badugu non borrokatu.

Azken urteetan ze pauso eman dira berdintasunerantz? Eta zer geratzen da egiteke?

Pausoak borroka bitartez emango dira. Teoria eta errealitatea barneratuta ditugu. Borroka da bide bakarra, eta, zoritxarrez, asko dugu oraindik egiteko.

M8aren harira, soldata arrakalaren kontra egingo dute politikariek eta arduradunek. Zuk zer eskatuko zenieke horiei?

Martxoaren 8ko diskurtso handi horiek bakoitzak bere arduretan txertatzeko. Egun batean ezin da emakumeekiko elkartasuna erakutsi eta hurrengo egunean gure lan baldintzak hobetzeko ezin dutela ezer egin esan. Pentsatzen duzunarekin eta esaten duzunarekin koherentea izan behar da. Hipokrisia galanta dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak