Mirari Zilaurren: "Komunitate guztietan beharrezkoa da emakumeen ikuspuntua, iritzia eta agintea"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko mar. 7a, 11:32

Mirari Zilaurren Lana lantegian.

Lana Kooperatibako presidentea da Mirari Zilaurren 2005az geroztik. Enpresagintza ikasketak egin ostean, 1997an hasi zen Zilaurren Lanan lanean, merkataritza departamentuan. Egun, Mondragon Eraikuntza dibisioko presidentea ere bada.

Gizonez inguratuta egon izan da Zilaurren, bai Lanako kontseilu errektorean eta baita Mondragon Eraikuntza dibisioko kontseilu errektorean ere.

Zaila egin zitzaizun presidente karguari baietz esatea?

2005ean, orduko presidente Joseba Gonzalezek ezinezkoa zuen karguan jarraitzea. Naturalki onartu zen nire izendapena, lau urtez kontseilu errektorean nengoen eta.

Zeintzuk dira zure funtzioak?

Kooperatiba txikia izanda, Lanan presidentea ez dago liberatuta. Hortaz, komertzial saileko administrari lanarekin uztartzen dut. Horrez gain, iaztik, Mondragon Eraikuntza dibisioko presidentea ere banaiz. Azken finean, nire lana gustatzen zait: erronkak, erabakietan parte hartzea... nahiz eta batzuetan erabaki gazi-gozoak izan.

Inoiz entzun duzu "gizonen lekuan zaude" edo halako komentariorik?

Egia da gizonen munduan mugitu naizela azkeneko urteetan; baina bai Lanan eta baita dibisioan ere bi emakume gara gaur egun.

Baztertua edo zure iritzia gutxietsia sentitu duzu inoiz?

Batzuetan, agian, gaia ez menperatzeagatik; eta egia da gizonek euren txokoa egiten dutela. Baina ez naiz inoiz baztertuta edo gaizki sentitu.

Enpresetan, eta bereziki industria arloan, nabarmena da kristalezko sabaia?

Kooperatibetan gero eta gehiago ikusten dira emakumeak postu garrantzitsuetan; baina, oraindik, bide luzea dago egiteko. Nire ustez, komunitate guztietan beharrezkoa da emakumeen ikuspuntua, iritzia eta agintea. Lanan, adibidez, zuzeneko lanean badugu erronka: ez dago apenas emakumerik, eta, egon izan diren arren, ikasketa faltagatik-edo ez ditugu bazkide egin. Gaur egun, berdintasun programa egiten ari gara, eta erronketako bat hori da. Egunotan ikusten ari garen gerraren eta triskantzaren harira, uste dut emakumeak egongo balira agintean ez ginatekeela horretara iritsiko.

Zer eman dizu, eta zer kendu, presidente karguak?

Orokorrean, kendu baino gehiago, eman egin dit; baita burukominak ere, hori horrela da. Enpresa batean erabaki garrantzitsuak hartu behar dira; ikuspuntu ezberdinak egon daitezke, gerturatu, adostu... Horretarako gauza izan behar duzu, baina, azkenean, bide bat egiteak ema-ten duen poztasuna dago.

Zeintzuk dira zure erronkak?

Egunero daude erronkak; barruan sortutakoak, estrategikoki landu behar ditugunak. Kooperatiba moduan nora jo nahi dugun; izan ere, Lanan inoiz ez gaude geldi, beti aurrera jo dugun kolektiboa gara. Beste erronka batzuk kanpotik datozenak dira: pandemia, gerra... Horiek ere kudeatu egin behar dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak