San Juan de Dios ospitalean dihardu Yanina Choquek (La Oroya, Peru, 1982), autonomia urriko pertsonak zaintzen, soziosanitarioen alorreko ikastaroa egin ostean. Aurretik, garbitzaile aritu izan da lanean hemen.
Zein zen zure egoera Perun?
Banku batean egiten nuen lan, eta abeltzaintzako ingeniari ikasketak neuzkan. Euskaldun jatorriko senarra ezagutu, eta alaba izan genuen. Hona etortzea erabaki genuen, hango biolentziatik aldentzeko eta hemen aurkituko nuenak itxaropena sortzen zidalako.
Zerekin egin zenuen hemen topo?
Lan egiteko zailtasunekin. Esan zidaten nire ikasketak homologatzeko bi urtez ikasi behar nuela Valentziako unibertsitate pribatu batean. Hori ezinezkoa da niretzat. Gero, bankuetan ere ez didate aukerarik eman. Soldata baxuagoko lanpostuak eskuratzea baino ez neukan.
Garbitzaile eta zaintza lanetan aritu zara. Zer ikusi duzu?
Ia beti emakumeek betetzen dituztela lanok. Arlo horietan ohikoak dira lan-baldintzak hobetzeko protestak eta grebak. Hemen zuhurtziaz tratatzen da soldataren gaia, baina mobilizazioetan entzun izan dut beste lanpostu batzuetako soldatak gureak baino altuagoak direla.
Ze motatako lanpostuetan?
Ardura gehiagokoetan. Goi-karguak gizonezkoei emateko ohitura handiagoa dago oraindik. Bulegoetako zuzendari izatera iritsi diren emakumeak ere ezagutzen ditut, baina horra heltzea gizonezkoei baino gehiago kostatu izan zaie. Mundu osoan gertatzen da.
Zer egin beharko litzateke egoera hori aldatzeko?
Haurren heziketan arreta jarri. Jabetu daitezela nolako desberdintasunak dauden mutilen eta nesken artean, eta erakutsi edonor izan daitekeela ausarta eta boteretsua. Edonork ikas dezakeela karatea edota jolas dezakeela panpinekin. Nire alabak batzuetan esaten dit: "Nik ezin dut!". Eta nik erantzun: "Ahal duzu, bai horixe! Saiatu egin behar duzu!". Horren harira, badirudi mutilak gehiago mugitzen direla, eta neskak gutxiago. Galdetzen dut ea hori berezkoa den edo neskak pixkanaka jarrera horietara moldatzen joaten diren. Gurasoon ardura da umeei erakustea nahi dutena egiteko gai izan daitezkeela. Horrela, etorkizunean edozein lanpostutan jarduteko aukera izango lukete.
Ezer positiborik aurkitu al duzu lan munduan?
Puntualitatearekiko errespetua. Hemen zure lanorduak hasieratik bukaerara arte bete eta etxera zoaz; beste herrialde askotan, berriz, gehiegizko lan kargak soldata eskasagoen truke ordaintzen dira.