15 urterekin hasi zen lanean Rufina Olasagasti, biltegi batean; geroztik, bulego-lanak, Soziologia ikasketak, irakaskuntza eta administrazioko jarduerak tartekatu izan ditu. Emakume eta pentsiodun bezala bizi izandakoaz dihardu.
Begiak 21 urterekin ireki zitzaizkizula diozu. Zer dela eta?
Lanpostu bera jorratzen genuen nire adineko mutil batek eta biok. 21 urte bete genituenean, hari niri baino gehiago ordaindu zioten. Galdetu nuenean ea zergatik zen hori, "mutila delako" erantzun zidaten, familia bat osatu behar zuela eta gastu asko izango zituela. Justifikaezina iruditu zitzaidan.
Aspektu hori gaindituta al dugu?
Orain, gauzak sotiltasun eta disimulu handiagoarekin egiten dira. Lanpostuak baloratzen dituzte jakintza-maila, zailtasun teknikoa eta balio ekonomikoa kontuan hartuz. Desberdin baloratzen da, adibidez, kaleko garbitzailea edo eraikin pribatuetako garbitzailea izatea. Horrekin batera, badirudi jaiotzetik dakigula etxeko lanak eta zaintza lanak egiten.
Nola ikusten dituzu gazteak?
Askok uste dute berdintasunean bizi garela, baina denborarekin jabetzen dira ezetz. Lehen, Elizak markatzen zigun zer egin; orain, berriz, Internetek. Hala ere, bada gauza bat hobetu dena, seme-alaben zainketa modu parekatuagoan egiten dela. Horrek ekarriko du aldaketa, bai bizitza pribatuan eta baita lantegietan.
Astelehenero irteten zarete pentsiodunen elkarretaratzeetara. Emakumeek zer-nolako pisua duzue mugimenduan?
Emakumeon presentzia handia izaten da, baina gizonezkoena handiagoa. Esan beharra dago emakume pentsiodunek gizonezkoek baino 648 euro gutxiago kobratzen dugula hilero EAEn, batez beste. Erkidegoan 700 eurotik behera jasotzen duten 24.400 emakume inguru daude. Egoera horretan daudenak animatu nahiko nituzke kontzentrazioetan agertzera.
Lau urte daramatzazue borrokan. Zer lortu duzue?
Pentsioen igoera %0,25ekoa izan beharrean KPIaren igoeraren neurrira igotzea lortu genuen, eta hori gauza handia da. Emakume alargunek, orain, senarraren pentsioagatik lehen baino zati handiagoa jasotzen dute. Hala ere, EAEn 1.080 euro baino gutxiago jasotzen duten 63.000 alargun daude.
Eta zer dago lortzeke?
Rajoyren Gobernuko pentsioen erreforma deuseztatzea ez dugu lortu oraindik. Langile asko prekarietatean bizi dira, 1.200 euro baino gutxiagoko soldatekin. Gutxienez, kopuru hori jasotzea derrigorrezkoa iruditzen zait, gaurko soldatak eta kotizazioak onak ez badira, biharko pentsioak ere onak izango ez direlako. Baliabideak armadara, AHTra edo monarkiara bideratu beharrean, hobe hezkuntzara, osasungintzara eta pentsioetara bideratzea.