Dikar eta Ekide enpresek instalazio berriak erosi dituzte Arrasaten

Txomin Madina Milikua 2022ko mar. 2a, 15:42

Debagoieneko bi enpresak, Dikar Kooperatibak eta Ekide Groupek, instalazio berriak izango dituzte 2023an. Biek ere, hazten jarraitzeko asmoak azaldu dituzte horretarako arrazoi moduan.

Dikar Kooperatiba

Iazko abenduan bozkatu zuten Dikar Kooperatibako bazkideek 40 urte baino gehiagoa Bergaran egon den enpresaren egoitza Arrasatera leku-aldatzea. Larramendi industrialdean paper-industriako hondakinak tratatzeko planta bat kokatzeko aukerak sortutako ziurgabetasunaren harira egin zuten orduan bozketa. 

Hala, joan zen astean erosi zuen Mondragon Taldekoa den Kooperatibak Arrasateko Garagartza auzoan dagoen, Fagor Etxetresna Elektrikoena izan zen 2019tik hutsik dagoen nabea. 72.000 metro koadro ditu, eta 2023an eramango dute bertara  jardueraren zatirik handiena, hazten eta enplegua sortzen jarraitzeko asmoarekin.

Ehizaren, kirol tiraketaren eta aire zabaleko kirolaren sektoreko hainbat markaren jabe da, Dikar, eta Bergarako instalazioen, eta, Portugalen eta Amerikako Estatu Batuetan dituen filialen artean 250 pertsona baino gehiagoko taldea osatzen dute. 2021ean, Dikarren salmenta bolumena 90 milioi eurotik gorakoa izan zen, nazioarteko salmenten ehunekoa %97koa izanik. 

Ekide Group

Ingeniaritzan eta fabrikazio industrialean jarduten duen enpresak, Arrasateko instalazioez gain, Bizkaian, Mexikon eta Txinan ere baditu lantegiak. Enpresatik jakinarazi dutenez, hamar urtetan hazkunde garrantzitsua izan du Ekidek: gaur egun 225 langile ditu, eta 2021ean 35 milioi euro fakturatu zituen.

Erositako instalazio berriekin egungo gaitasun industriala nabarmen handitu nahi du Ekidek, eta hurrengo lau urtetan 80 lanpostu berri sortzea aurreikusten du. Egokitzapen lanak 2022an egingo dituzte eta 2023an hasiko dira bertan lanean, enpresatik azaldu dutenez, modu progresiboan.

Ekide Groupek Fagor Etxetresnen San Andreseko lantegi zaharra erosi izanaren harira, Arrasateko PSE-EEk adierazi du albiste ona dela eta era berean, enpresari eskatu dio lan-eskaintzetan arrasatearrek lehentasuna izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak