Aurrez aurreko hitzordua webgune zein aplikazio bidez eskatu liteke Osakidetzan

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 1a, 15:58

Gobernu Bileraren osteko agerraldian, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du webgunetik eta aplikaziotik Osakidetzan lehen arretako hitzorduak eskatzeko aukera martxan dela berriz. Horrez gain, sistema berritu dutela ere iragarri du, herritarrek zita "azkarrago" eskatzeko eta "profesional egokienengana" albait arinen iristeko.

Bingen Zupiria bozeramailearekin eta Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarekin batera, Gotzone Sagardui Osasun sailburua agertu da gaur prentsaren aurrera Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Bilera amaitu berritan. Azken egunetan Osakidetzan egindako greben inguruko balorazioa egin ostean, lehen arretako hitzorduak eskatzeko prozedurak izan ditu hizpide.

Sagarduik adierazi duenez, gaurtik aurrera webgunetik eta aplikaziotik hitzorduak eskatzeko aukera martxan da berriz. Pandemiaren egoera tarteko, telefono bidez edota osasun zentroetan soilik eskatu zitekeen zita orain arte; "normaltasunera" bidean urratsak eman asmoz hartu dute aurrez aurreko hitzorduak online bidez ere eskatzeko erabakia, txertatzeko txanda hartzeko zein proba diagnostikoen emaitzak jakinarazteko herritarrak sare bidezko prozeduretara "ohitu" direla iritzita.

Sistema berria

Prozeduran beste bide bat irekitzetik harago, baina, sisteman bertan ere aldaketak egongo direla iragarri du sailburuak. Hots, herritarrek zita "azkarrago" eskatzeko eta "profesional egokienengana" albait arinen iristeko, euskarria bera egokitu dute.

Otsailean zehar hainbat osasun eremutan probak egin ostean –%89ak onespena izan du sailburuaren hitzetan–, gaurtik aurrera aplikatuko da sistema berria. Ez, ordea, Euskal Autonomi Erkidegoan modu bateratuan. Arabarrak izango dira sistema berria erabiltzeko aukera izango duten lehenak, bizkaitarrek datorren astetik aurrera erabili ahal izango dute, eta gipuzkoarrei, ostera, hilabete amaieran helduko zaie txanda.

Debagoiendarrek, beraz, pare bat astez itxaron beharko dute Osakidetzan aurrez aurreko hitzordua sistema berria erabiliz eskatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak