Ibai Larrea: "Errekorra ondu nuen Alzolarekin egindako igoerari esker"

Xabier Urtzelai 2022ko ots. 25a, 16:00

Domekan herriko lasterkari batek lehenengoz irabazi zuen Antzuolako 8 Miliak lasterketa. Gainera, probako errekorra ezarri zuen: 1.02.52. Aste barruan tartea hartu du GOIENArekin lasterketak emandakoa errepasatzeko.

Ibai Larreak (Antzuola, 2002) kros denboraldia sasoi betean amaitu duela erakutsi zuen domekan, etxean jokatutako A8M lasterketa irabazita. Iñigo Alzolarekin lehia estua izan zuen; behetik gorako bidean arrasatearraren erritmoari eutsi izana garrantzitsua izan zen gero lasterketa irabazteko. Pentsa, biek ondu zuten lasterketako errekorra. Gipuzkoako kros txapeldun izan berri denak GOIENAri aitortu dio Gipuzkoako txapelak baino ilusio handiagoa egin diola Antzuolako podiumean jantzitakoak.

Zenbatek zoriondu zaituzte astean?

Egia esan, herrikide askoren zorion mezuak jaso ditut, aste polita izan da.

Gipuzkoako txapeldun izan zinenean baino gehiagok, seguruenik...

Bai, zalantza barik. Gipuzkoako kros txapeldun izan nintzenean, atletismoan jarraitzen nautenek zoriondu ninduten, etxekoek, lagunek... Domekan herritar askoren aurrean irabazi nuen etxeko lasterketa.

Ibai Larrea, domekan, A8M lasterketako helmugan besoak altxatzen.

Azken metroetan zer pasa zitzaizun burutik?

Iñigo Alzola [bigarren sailkatua] ordurako atzean utzita neukan, eta herrira sartzean jende ezaguna ikusten hasi nintzen... Lagunak ikusi nituenean hunkitu ere egin nintzen, eta helmugan besoak altxa nituen. Gogoan dut besoak altxatzea kosta egin zitzaidala, leher eginda nengoen.

Posible ikusten zenuen lasterketa irabaztea?

Ez zen aurreikuspenetan sartzen. Entrenatzailearekin berba eginda, banekien aurrean ibil nintekeela, baina irabazi... Herrikideek esaten zidaten baietz, eta presio hori sumatu egiten da. Baina banekien jende oso ona zetorrela. Lasterketa aurretik jakin nuen Alzola aurretik zuen marka hobetzera zetorrela, eta lasterketan aurrean egoteko hura zen jarraitu beharreko gizona. Oso erritmo gogorrean hasi ginen korrika, gogotik sufritu nuen, eta, hala edo hola, erritmoari eusteko kapaz izan nintzen.

Jaitsiera ondo ezagutuko duzu...

Buruz nekien hanka bakoitza non jarri. Normalean, mendira korrika joaten naizenean, beti egiten dut jaitsiera hori, pentsa... Alzolari tartea atera nahi nion eta jaitsieran estutzea zen nire aukera. Zorionez, lortu nuen.

"JAITSIERAN BANEKIEN HANKA BAKOITZA NON JARRI; HOR EGIN NUEN AURRERA"

Aurreko marka ia bi minutu ondu zenuen: 1.02.52. Antolatzaileek adierazi zuten kostako dela marka hori gainditzea.

Lehenago edo geroago etorriko da lasterkari azkarrago bat. Baina egia esango dizut, behetik gorako bidean Alzolak erritmo hori jarri izan ez balu, ez nukeen marka hori egingo. Buruz nabil, baina uste dut 36 minutu pasatxoan igo ginela Antzuolatik Irimora.

Errekorra egitera zindoazela jakin izan bazenu, herrian gehiago estutuko zenukeen?

Ez; dena emanda iritsi nintzen, ez nuen ezer gorde. Ospatzeko ere ez neukan indarrik.

Ez nekien krosak eta mendi lasterketak horren bateragarriak direnik.

Diziplina ezberdinak dira, baina distantziaren arabera lagungarriak izan daitezke. Ni ez naiz atleta azkarra, baina indarra daukat hanketan, horregatik moldatzen naiz mendi lasterketetan ondo. Gipuzkoako kros txapelketan ordu erdiko lana egin genuen; gutxi gorabehera, Irimora igotzen erabili genuen denbora. Baina Irimotik herrira oraindik bidea geratzen da. Krosa oso lagungarria da txispa izateko.

Non sufritzen da gehiago?

Sufrimendu ezberdina da. Krosetan, bihotz taupadak izugarri igotzen dira. Mendi lasterketetan, berriz, hankek gehiago sufritzen dute. Bietan neurtu behar dira indarrak, baina mendi lasterketak luzeagoak dira eta gehiago dosifikatu behar da.

Eta non gozatzen duzu gehiago?

Mendi lasterketetan, seguruenik. Etorkizunean, gehiago ikusten dut neure burua mendi lasterketetan krosetan baino.

Egutegiari dagokionez, baduzu non aukeratu, bailaran ere badira lasterketa politak.

Bai, baina distantzia luzeagoa daukate, eta ez nago halako distantzietara ohituta. Korrikalari gaztea nahiz oraindik, eta 20 kilometrotik beherakoak egingo ditut. Bi aste barru, UZ Trail egiteko asmoa dut, Zumarragan.

Dortsal bat jarri aurretik, anaia Ekain eta biok korrikaldi onak egindakoak zarete...

Umeak ginenean egun osoa ematen genuen baserrian elkarren artean lasterketak egiten. Orain, min hartuta dago [Ekain Larrea munduko txapelketarako sailkatu zen, baina pandemiak ez zuen proba egitea baimendu], baina pista denboraldian jarduteko asmoa du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak