Duela hilabetetik gora hasitako beheranzko joerari eusten diote egoera epidemiologikoaren bilakaera adierazten duten datuek. Kasuen eta intzidentzia-tasaren joerari erietxeetako egoera batu zaie azken egunetan, datuei so eginez gero, arintzen ari baita Hego Euskal Herriko ospitaleetako presioa.
Debagoieneko kutsatu berriei dagokionez, 49 kasu hauteman dira astelehenetik eguaztenera; 124, aldiz, azken astean. Zazpi egun atzera eginez gero, 93 (+44) eta 240koak (+116) ziren bi balioak. Halaber, adierazgarria da azken hiru egunetako kutsatuen herrikako banaketa; kasuen %47a Oñatin atzeman da (23), eta %24a Arrasaten (12).
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Eremu berrietara hurbiltzen
Intzidentzia-tasa 600eko langatik behera da uneotan bailaran (568,69), Araban eta Bizkaian bezala. Gertu dira zifra horietatik Nafarroa eta Gipuzkoa ere. Debagoieneko mapan ikusi daitekeen bezala, badira eremu laranjara hurbiltzen ari diren herriak ere; 353,11ko tasarekin, Aretxabaleta dago gertuen.
Adibide gisa, 11 udalerri daude soilik eremu gorritik kanpo Gipuzkoan (guztiak berdean, zehatz esanda), baina bakarrak ere ez du 600 biztanle baino gehiago –Aduna, Altzo, Arama, Beizama, Belauntza, Errezil, Gaztelu, Larraul, Leaburu, Orendain eta Orexa–.
Presioa arintzen
Erietxeetako egoera kasuen eta intzidentzia-tasen beheranzko joerari batu zaie azken egunetan. Izan ere, 373 ospitaleraturekin, pasa den eguenean baino 119 eri gutxiago zeuden atzo Hego Euskal Herriko erietxeetan. Antzeko egoera irudikatu liteke Zainketa Intentsiboen Unitateetan ere; 69 herritar daude uneotan, duela zazpi egun baino 12 gutxiago.
Kutsatu berri eta hildakorik ez
Asteartean eguneratu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak probintziako adinekoen egoitzetako datuak, eta azken asteetako daturik positiboenak izan ziren bailarako egoitzei dagokionez: ez da ez kasu berririk atzeman, ezta egoiliarrik zendu azken astean. Ondorioz, kasu positibo bakarra dago uneotan bailarako zentroetan; zehazki, Bergarako Mizpirualde egoitzan dago gaitza duen herritar bakarra.