Ostalariak arduratuta, TicketBai badatorrelako

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko ots. 25a, 09:56

Astean Arrasaten egindako batzarra.

Fakturazio sistema berriaren derrigortasuna uztailean sartuko da indarrean zenbait jardueratarako, eta ezarpena jardueraz jarduera egingo da hurrengo urtebetean. Iruzur fiskala saihestea da hiru foru aldundien eta Jaurlaritzaren egitasmoaren xedea.

TicketBai sistema indarrean jartzen den unetik jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek –enpresak, negozioak eta autonomoak; ostalariei, besteak beste, bete-betean eragiten die, beraz, aldaketak– fakturazio-software bat erabili beharko dute, eta bezeroaren ordainketa unean bertan erregistratuko dute ogasunek, Internet bidez. Administrazioa aurten hasiko da aipatutako moduan diru-sarrerak kontrolatzen, eta 2024tik aurrera gastuak ere kontrolatu egingo ditu. 

Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea, Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune Sailaren laguntzarekin, informazio batzarrak egiten ari da, sistema berriaren ingurukoak azaldu eta ostalariei euren zalantzak argitzen laguntzeko. Arrasaten izan dira, adibidez, aste honetan. Aldundiek iruzur fiskala saihesteko ezarriko den sistema izan arren, Ane Ruiz Pozuetak azaldu zuen aldaketak ostalarientzat ere izan dezakeela onurarik: "Sistemak informazio asko ematen du. Orain diru-sarrerak kontrolatuko dira, gero gastuak ere bai, eta, hori, BEZa deklaratzeko orduan, adibidez, abantaila da, sistemak informazio asko ematen dizulako. Era berean, eta zehazki ostalaritzari dagokionez, TicketBai sistemara sartzekoa momentu egokia izan daiteke beste gestio sistema batzuk martxan jartzeko. Sistema horiek asko errazten dute establezimendu baten egunerokotasuna, eta errentagarritasuna hobetzen ere laguntzen dute".

Sistema berriarekin lotuta, pizgarri fiskalak ere izango dira –kenkariak sozietateen gaineko zergan eta PFEZn–; ostera, baita isunak ere, gauzak behar bezala egiten ez dituztenentzat, 2.000 eta 60.000 euro artekoak –azken horiek, softwarea trukatzen den kasuetarako–.

Ostalarien kezkak

Arrasateko batzarrean izandako zenbait ostalariren iritziak jasotzen hasita, Doke tabernako Fatima Sanchezen arabera, burukomin bat gehiago izango da ticketarena, "taberna jendez lepo dagoenean, batez ere", moteldu egingo duelako bezeroenganako arreta. Kexu da, gainera, "makina, programa eta mantenu artean, 2.000 euroko gastua" ekarriko diolako. Borondatezko aldian sistema ezarri dutenei diru-laguntzak eman dizkie Aldundiak; zenbait udal ere ari dira laguntzak ematen, eta adi egoteko gomendatu die elkarteak ostalariei.

Oñatiko Goiko Benta ostatuko Miren Maiztegik dio "teknologiara egokitu beharrak" eragiten diola berari "nagia"; teknologikoki "puntakoena" deneko itxura eman nahi dutela euskal ogasunek, eta euren kontura egin nahi dutela hori. Garai zailon ostean –COVIDagatik–, ostalariak "apur batean lasai" utzi behar lituzketela uste du Maiztegik, eta gehitzen du: "Ezin da ostalaritza tratatu egunero lapurretan ibiliko bagina moduan".

Bergarako Tartufo jatetxean iaztik ari dira sistema berriarekin lanean, eta Mirian Gomezek dio aldaketa handia dela: "Orain, kaxak inongo akatsik gabe egitera behartuta gaude". Jatetxeentzat "tira", baina gaueko tabernentzat, esaterako, ticketaren menpe ibiltze hori lan nekeza izango dela dio: "Jendea dago ohituta eskua altxatu eta artatua izatera. Orain, supermerkatu batean moduan izango da dena".

Iragarpen ezkorra egiten du, gainera, Gomezek: "Gaur egun ezagutzen dugun eta Euskal Herrian praktikatzen den ostalaritzarenak egitera doaz horrela. Europakoaren tankera hartzen ari da dena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak