Behera egin dute kasuek, ez horrenbeste erietxeratu eta hildakoek

Jon Irizar Aranguren 2022ko ots. 21a, 16:31

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 168 kasu atzeman dira azken astean bailaran, duela bi aste baino 138 gutxiago. Intzidentzia-tasa, berriz, 740,54ra jaitsi da. Ospitaleetako egoerak eta hildako kopuruak, baina, apenas egin du hobera: Hego Euskal Herrian 461 herritar daude erietxeratuta, eta azken astean 169 lagun hil dira gaitzarekin.

Astelehenero egin moduan, gaur eguneratu ditu Eusko Jaurlaritzak egoera epidemiologikoari dagozkion datuak. Azken asteetako bilakaeraren bide beretik, behera egin dute kasu positibo berriek: 168 kasu hauteman dira, 2021eko azaroaren 15az geroztik izan den kopuru baxuena. Zehazki, joan zen astean baino 138 herritar gutxiagori atzeman zaie gaitza.

Antzuolan eta Elgetan salbu –lehenengoan, astelehenetik eguaztenera 11 kasu atzeman ziren–, gainerako herri guztietan behera egin dute datuek. Adierazgarria, esaterako, Aretxabaletaren beherakada; 40tik 4ra jaitsita, joan zen astekoen %10a izan da aste honetako kutsatu kopurua. Gatzagaren kasua ere aipatzekoa da: otsailaren 11tik ez da Osakidetzan positiborik erregistratu.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Intzidentzia, 740an

Intzidentzia-tasaren lerroek beheranzko joeran jarraitzen dute, pixkanaka bada ere, jaitsiera moteltzen hasi den arren. Uneotan, 1.000 azpitik dira Araba (701,37), Bizkaia (708,41), Gipuzkoa (796,99) zein Nafarroako (817,54) balioak, baita Debagoienekoa ere: 740,54. Azken egunetan, baina, apaltzen hasia da beherakada. Hots, 1.200 puntuan jaitsi zen tasa otsailaren 7aren eta 14aren artean; azken astean, aldiz, 600 puntu pasatxoan.

Apalago

Erietxeetako eta zendutako herritarren jaitsieraren proportzioa ez da kasuen eta intzidentzien parekoa. Izan ere, Hego Euskal Herrian 168 herritar zendu dira gaitzarekin azken zazpi egunetan, joan zen astean baino 55 gutxiago, baina duela bi aste baino 8 gehiago. Erietxeetako arreta behar duten pertsona kopuruak ere behera egin du: 461 (-138). Oraindik, baina, 75 pertsonek behar dute zainketan intentsiboa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak