Josep Vidal: "Kooperatibak sortzea eta komunitatea egitea da helburua"

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko ots. 18a, 11:22

Josep Vidal, atzo, eguena, Aretxabaletako Otalora jauregian.

Generalitateko Ekonomia Sozialeko zuzendari nagusia Euskal Herrian da, KoopFabrikaren jardunaldi batean kataluniako esperientziaren berri kontatzera etorrita. Ateneu cooperatiu direlakoak ditu hizpide, besteak beste.

Gaurko Arantzazuko saioaren bezperan erantzun ditu GOIENAren galderak.

Zein da Kataluniako ekonomia sozial eta solidarioaren argazkia?

Ekonomia soziala osatzen duten kooperatibak eta hirugarren sektoreko gainerako erakundeak 12.000 inguru dira gaur egun, eta langileak 180.000 bat. Hirugarren sektoreko erakunde berriak ez dira sortzen ari azkenaldian, daudenak hazten bai, baina, kooperatibei dagokienez, 500 inguru sortu dira azken bost urteotan, eta beste 500 ekimen, kooperatibarik sortzera ez iritsi arren, ekonomia sozialaren esparrukoak. Lan kooperatibak dira, gehienbat, baina gero eta gehiago hasi dira sortzen kontsumo kooperatibak ere, produktu agroekologikoenak eta. Katalunian indarra hartzen ari den ahalduntze modu bat da. Gure politikekin lagundu dugu sortzen Proiektu singular deritzen horietako 200 inguru, batez ere, interkooperazio arlokoak; modu askotakoak daude: produkzio arlokoak, kontsumokoak, lan esparrukoak, komunikazio teknologietakoak, zaintzakoak...

Gizarte-eraldaketa asmoarekin?

Alderdi garrantzitsua da hori. 2015etik, eta, areago, 2016an ezker independentista errepublikazalea Gobernura iritsi zenetik, eta, oro har, ezkerra, baita Comu-koak eta CUPekoak ere, udaletara, politika aldaketa gertatu da tokiko zein nazio mailan. Kontuan izan behar da mugimendu bat bazela aurrez, eta elkar elikatu dute, eta, sortu diren kooperatiba berriak eta indartuz joan diren besteak lana eta aktibitate ekonomikoa sortzeko helburura ez ezik, komunitatean eragitera eta inguruaren gizarte eraldaketara egon dira bideratuak, herritarren bizi baldintzak hobetzera, beraz; interkooperatzera eta komunitatea egitera, auzoan, herrian, hirian...

Erraza izaten ari da administrazioaren eta beste erakunde horien arteko elkarlana, kontuan izanda, sarri, halako egitasmoak ezarritakoarekiko desadostasun batetik sortzen direla, adibidez?

Ezer ez da erraza. Baina uste dut eraikitzailea izaten ari dela. Ez da konfrontaziotik egiten, baizik-eta elkarrizketatik eta ko-eraikuntzatik. Bakoitzak du bere ikuspegia, ikuspegi pertsonal desberdinetatik begiratzen zaie gaiei, edo bakoitzaren komunitatearen ikuspegitik, eta Gobernuak ere, eta gure zuzendaritzak eta udalek, beren ikuspegia dute. Baina, inpaktua sortzeko, garrantzitsua izaten ari da bat egiten dugun puntuak topatzeko erakusten ari garen gaitasuna. Gure politikekin, konfiantza ematen ari gatzaio mugimenduari, erantzunkidetasun espazioak sortu ditugu, eta mugimendua gai izaten ari da, bakoitzak bere jarduera aurrera eramateaz gain, ardura horiek hartzeko. Honek ekarri du, adibidez, administrazioko teknikariek ere beste era batera lan egin beharra, eta baita mugimenduen administrazioarekiko jarrerak aldatzea ere, kasu batzuetan konfrontazio kutsukoak izaten ziren-eta. Ko-eraikuntza da orain asmoa, eta hausnartzea nola kudeatu behar den denona den, eta ez kooperatibarena, diru publikoa.

Zer dira Ateneu coopeatiu deritzenak eta aipatu Proiektu singular-ak?

Ateneu-ak mugimenduak kudeatutako egitura publikoak dira; publikoak, diru publikoz hornitzen direlako; egiten dutena da lurraldeetako ekonomia sozial eta kooperatiboa lagundu, indartu eta ezagutarazi. Hamalau ditugu Katalunia osoan, eta lankidetzan jarduten dute mugimendu kooperatiboak eta udalek, lehenaren lidergoarekin. Egituraren helburua da kooperatiba berriak sortzea eta komunitatea egitea. Honela, ekonomia sozial kooperatibora gerturatu nahi duen edonork aukera du Ateneu-etara jotzeko, eta han topatuko ditu kooperatibak sortu dituzten pertsonak, eta teknikari batek edo politikari batek baino hobeto azalduko diote nola egiten den hori. Honek ekarri du kooperatibismoa herrialde osoan egituratzea eta elkarren, lurraldeen eta kooperatiba ekosistemen arteko sinergiak sortzea, sare bat eratu den heinean. Proiektu singular-ak, berriz, lehendik sortutako kooperatibentzako ekimena dira, hazteko proiektu estrategikoak sor ditzaten. Baina proiektu horiek ezin dira kooperatibari begirakoak bakarrik izan, interkooperazio zentzua izan behar dute, eta beste kooperatiba edo enpresaren batekin elkarlana egin, herritarren beharrei erantzuteko. Iraunkortasunerako gakoa da hori, beste batekin hartzen duzulako jarduteko konpromisoa.

Zerk erakusten du ekonomiaren halako eraldaketa baten beharra?

Batetik, nahi duguna da lanpostuak eta aktibitate ekonomikoa bertan geratzea, ez deslokalizatzea, eta produkzio bideen kontrola herritarrek duten formula batek bermatzen du hori. Bestetik, ekonomia sozial eta kooperatiboak, produkzioaz eta mozkinez gain, ingurunea hobetzea du helburu, produktuak saldu edo zerbitzuak ematen dizkion jendearen bizitza hobetzea –bestelako zenbait enpresa txiki eta ertainek ere bai–. Hirugarrenik, ekonomia, lehia moduan barik, kooperazio moduan ikusi beharra aipatuko nuke. Eta, azkenik: egungo ekonomiaren ezaugarria da lurraldearekiko atxikimendurik eza –Amazon, Globo...–, eta horrek dakar bertako ekonomiak sufritzea. Lortzen badugu herritarrek sortzea interkooperaziorako espazioak, ekosistema kooperatiboak, gertuko ekonomiarekiko kontsumitzaileen eta langileen konpromisoak egingo du irauten laguntzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak