Hiru egunean 93 positiborekin, 1.000tik behera da intzidentzia-tasa

Jon Irizar Aranguren 2022ko ots. 17a, 13:44

Eusko Jaurlaritzak egindako eguneraketaren arabera, 93 positibo atzeman dira azken hiru egunetan bailaran; orotara, 240 kutsatu berri izan dira azken zazpi egunetan. Ondorioz, behera egin du intzidentzia-tasak, eta abenduaren lehenetik lehen aldiz jaitsi da balioa 1.000 puntutik: 985,83. Uneotan, 507 herritar daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan, horietatik 82 ZIUetan.

Egoera epidemiologikoaren bilakaera adierazten duten datuak eguneratu dituzte Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak, eta azken asteetako bidetik, beheranzkoa da joera. Oraingo honetan, adierazle guztiek berresten dute bilakaera; bai positibo berriek, baita intzidentzia-tasak, erietxeen egoerak zein hildako kopuruak.

Bailaran atzemandako kasu berriei dagokionez, 93 positibo izan dira azken hiru egunetan, joan zen asteko denbora tarte berean baino 66 gutxiago. Zazpi eguneko bilakaerari erreparatuta, antzekoa da joera; 240 debagoiendarri hauteman zaie gaitza azken astean, duela bi aste baino 151 gutxiagori. Badira, baina, salbuespenak. Gorakada adierazgarririk izan ez den arren, Antzuolak (+10), Elgetak (+1) eta Gatzagak (+1) bilakaera negatiboa izan dute.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Abenduaren 1etik, baxuena

Eguneraketaren datu adierazgarriena, akaso, intzidentzia-tasarena da. Hots, 2021eko abenduaren 1etik balio baxuenean da Debagoieneko tasa: 985,83. Ez da, gainera, 1.000ko langatik jaitsi den balio bakarra. Hego Euskal Herriko lurraldeei so eginez gero, Bizkaia (964,19) eta Arabako (994,22) balioak ere hiru zifratan dira. Gertu dira, halaber, Nafarroa (1075,62) eta Gipuzkoa (1125,12).

Arreta behar dutenak, behera

Osasun arreta behar duten Hego Euskal Herriko herritar kopurua ere behera doa. Gotzone Sagarduik eta Santos Indurainek gidatutako organoek emandako datuen arabera, 507 herritar daude uneotan ospitaleetan, duela astebete baino 185 gutxiago. Horietatik 82 daude Zainketa Intentsiboen Unitateetan, otsailaren 9an baino 23 gutxiago.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak