Otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da. Horren aitzakian bisita berezia egin dute Arizmendiko ikasleek. Fagor Automationeko lau gune ezberdin ezagutu dituzte, eta bidelagun izan dute enpresan bertan lan egiten duten lau emakume zientzialari: Itziar Epelde, Materialaren Kalitate arduraduna; Maria Nafarrate, I+Gko Hardware ikerlaria; Esti Aranbarri, I+Gko Software ikerlaria; eta Lorena Martinez, I+Gko Software ikerlaria. Adibidez, horrek bere lanpostuaren gaineko azalpenak eman dizkie ikasleei, eta ze ikasi zuen azaldu die. "Nik Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi nuen Deustun, eta tesia MUn egin nuen, Eskoriatzara heldu aurretik. Matematikak eta fisika ikasgaiak oso gustuko nituen, eta adar zientifikoa aukeratu nuen", esan die.
Arizmendiko ikasleak harritu egin dira enpresa bat barrutik ikustearekin, eta baita, zer nolako aukerak eman dituzten ikasketa zientifikoek. "Egia esan, zalantzak argitzeko asmoz etorri naiz. Gustatu zait ikustea zenbat emakume dauden lanean, betidanik gizonezkoenak kontsideratu diren lanpostuetan. Akaso, ez dut nire burua holako lanetan ikusten. Hori behintzat, garbi geratu zait", aipatu du Arizmendiko ikasle Sofia Martinezek.
Neska gutxi
Izan zirelako gara eta garelako izango dira leloarekin egin dute jardunaldia Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira. Emakume zientifiko "gutxi" dagoela esan dute bisitan. "Fagor Automationeko langileen %40 dira emakumeak. Zifra ona da. Bada, zifra horren atzean dagoen irakurketa oso bestelakoa da. Administrazioan eta ekoizpen taldetan emakumeak dira gehiengoak, eta baita informatikoen artean. Baina, badaude beste lanpostu batzuk, zeinetan emakume gutxi dauden", azpimarratu du Fagor Automationeko presidente Andoni Larrañagak.