Berotze lanetan, Korrikari ekiteko

Uxue Igarza Loiola 2022ko ots. 11a, 10:53

Debagoieneko Korrikako eta AEK-ko kideak, atzo, eguena, Arrasaten, aurtengo Korrikako kartelekin eta jantziekin. (Argazkia: Jagoba Domingo)

49 egun barru iritsiko da 22. Korrika Debagoienera, eta eragile eta norbanakoak hasi dira lanean. Herri batzuetan osatu dira batzordeak jada, eta hurrengo astean emango dute pausoa gainerakoek. Kilometroak diruz laguntzeko aukera ere zabalik dago.

Martxoaren 31n irtengo da 22. Korrika Amurriotik eta apirilaren 10ean iritsiko da Donostiako alde zaharrera. Ibilbide horretan, euskararen aldeko martxak Debagoieneko bost herri zeharkatuko ditu: Bergara, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga. Apirilaren 1ean, egubakoitz eguerdian, hartuko dute testigua korrikalari debagoiendarrek.

Oraindik hilabete eta erdi falta den arren, dagoeneko eragile eta norbanakoak hasi dira prestaketa lanetan. Eratuta dago bailarako lantalde nagusia: Ikuska Lizarralde koordinatzaileak eta AEK-ko langileek osatzen dute. Lizarraldek azaldu duenez, kide bakoitzak hartu ditu "dagozkion ardurak" eta "gogotsu" daude lehenbailehen hurrengo urratsak egiteko.

Lizarralde berria da koordinatzaile lanetan; aurtengo urtera arte ez du Korrika "barrutik" bizi izan: "Oso hunkigarria da Korrika niretzat, eta indar handia eman dit beti. Orain aukera izango dut atzean dagoen lana ikusteko eta antolakuntzaren esperientzia bizitzeko". Eibartarra da Lizarralde, baina Elgetan bizi da azken zazpi urteetan. "Gure hizkuntzaren alde egiteko gai garenaren adierazleetako bat da Korrika. Prestutasunez, pozik, nago nire alea jartzeko; badakit bide honetan asko ikasiko dudala", dio.

Herrietako batzordeak, martxan

Behin lantalde nagusia sortuta, hurrengo pausoa herrietako batzordeak deitzea izan da; horietan herri bakoitzean egingo diren ekimenak adosten dira, besteak beste. Hain justu, aste honetan egin dira lehenengo bilerak. Bergaran martitzenean batu ziren, eta hilaren 22an egingo dute bigarrena. Eguaztenean, berriz, Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan elkartu ziren, eta gaur Leintz Gatzagaren txanda izango da (19:00etan Labidean).

Herrietan hasi dira batzordeak sortu eta bilerak egiten; Leintz Gatzagaren txanda da gaur

Gainerako herrietan hurrengo asterako jarri dituzte hitzorduak: Oñatin astelehenean (18:00etan Kultura etxean), eta, eguaztenean, hilak 16, Elgetan (18:30ean udaletxean) eta Aramaion (18:00etan udaletxean). Batzordeak hamabostean behin batuko direla aurreratu du koordinatzaileak, eta azaldu du "erabat irekiak" direla: "Askotan ematen du jende jakin batentzako direla bilera horiek, baina interesa duen ororentzako dira. Etorri, parte hartu, hitz egin, proposatu... Norberaren alea oso garrantzitsua da". Lizarraldek gehitu du zenbat eta herritar gehiago batu, "orduan eta zabalagoa" izan daitekeela Korrikaren bueltako egitaraua.

Ibilbide ofizialetik kanpo

Esan bezala, ibilbide ofizialak ibarreko bost herri zeharkatuko ditu. "Beste urte batzuetan ibilbidea luzeagoa izan da, baina horrela tokatu da aurten. Ulertu egin behar da antolaketa oso zaila izaten dela", esan du, herritarrak mindu daitezkeelakoan. "Osintxuko mugan hartuko dugu testigua, eta ondoren, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza zeharkatuko ditugu, Leintz Gatzagara iritsi arte", azaldu du koordinatzaileak.

Nolanahi ere, ibilbidetik kanpo geratzen diren herriei aukera emango zaie bide ofizialeko zatiak egiteko: "Esan bezala, ezinezkoa da herri guztietatik pasatzea, baina badaude kanpoan geratu diren horientzako beste aukera batzuk ere. Batzordeetan adostuko dira guztiak". Izan ere, Lizarralderen esanetan, Korrika ez da bakarrik –egun jakin batean eta eremu zehatz batean– lasterka egitera mugatzen; Korrika kulturalaren txapelpean ere, hamaika ekintza egiten dira herrietan: "Ikusiko dugu ea herri bakoitzean zein gogo eta indar dagoen; horren araberakoak izango dira antolatuko diren ekintzak".

Ekintzekin eta Hitzekin

22. edizio honetako leloa Hitzekin da. Egitasmoaren antolatzaileek azaldu dutenez, hizkuntza hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen omen dute hizkuntza baten komunitatea: "Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak". Hala, jokoa eginez, hitza eta ekina uztartu nahi izan dituzte oraingoan.

Bestetik, aurtengo omenduak Pirritx (Aiora Zulaika), Porrotx (Joxe Mari Agirretxe) eta Marimotots (Mertxe Rodriguez) izango dira. 1987an hasi zuten ibilbidea, eta ordutik, sudur gorria jantzita aritu dira euskararen alde. Antolatzaileek adierazi dutenez, 34 urte hauetan, pailazoek "zuzeneko eragina" izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten: "Beren komunikazio-tresna hitzekin osatu dute, ekimen eraikitzailea eta normalizazioaren adibide da haiena. Beren ikuskizun eta kanten bidez, egin, eginarazi eta eragin dute".

Diruz laguntzeko aukerak

Korrikaren helburuak "euskararen aldeko kontzientzia suspertzea" eta "euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea" izanik, asko dira ekarpena egiteko moduak. Batzordeetan eta antolaketa lanetan laguntzea da bat, baina baita diru ekarpenak egitea ere.

Modu ugari daude egitasmoari ekarpena egiteko; adibidez, Korrika Laguna izatea

Kilometroak diruz laguntzea da aukeretako bat; hots, ibilbide ofizialeko kilometroak egiteko ekarpena egin dezakete eragileek. Bailaran, korrikadebagoiena@gmail.com helbidera idatzi behar da eskaera egiteko –martxoaren 21a baino lehen, ahal bada–, eta ondoren, Debagoieneko Korrika batzordeak erabakiko du horiek non eta nola banatu.

Horrez gain, Korrika Laguntzailea eta Korrika Laguna izateko aukera ere badago. Korrika Laguntzaileak bi urtetan 12 euroko ekarpena egiten duela azaldu du Lizarraldek: "Norbanako horiek abantailak dituzte dendetan eta kultur jardueretan, eta besteak beste, zozketetan parte hartzen dute". Bestetik, Korrika Lagunak komertzioak edo tabernak izan daitezke: "Nahi duten diru-ekarpena egiten dute eta pegatina bat izaten dute lokalean bertan, laguntza ematen dutela adierazteko". Bukatzeko, Korrikaren materiala ere erosi daiteke; bai online dendan (korrika.eus) eta bai herrietan jarriko diren denda fisikoetan ere; batzordeek erabakiko dute noiz eta non jarriko diren horiek.

Hala, Ikuska Lizarralderen eta Korrikaren gainerako sustatzaileen mezua argia da: Hitzekin edo ekintzekin izan, "herritar guztiek har dezakete parte" euskararen aldeko egitasmoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak