Protokoloak protokolo eta neurriak neurri, egoera epidemiologikoaren datuek beheranzko joeran jarraitzen dute Hego Euskal Herrian urtarrilaren bigarren hamabostalditik. Seigarren olatuaren puntu gorenean, 17.680 positibo atzeman ziren egun bakarrean (01/05), 7.000 punturen bueltan izan zen intzidentzia-tasa (01/10) eta 1.239 herritar ziren ospitaleetan (01/12). Laurdenak baino gutxiago izan ziren atzo kasuak, herenean da intzidentzia-tasa, eta 450 herritar gutxiago daude erietxeratuta.
Antzeko bilakaera izan du Debagoienak ere. Abenduaren 20az geroztik, lehen aldiz jaitsi dira asteko kasu positiboak 1.000tik; zehazki, 901 izan dira azken zazpi egunetan kutsatuak izan direnak. Herri guztiek egin dute behera, Elgetak salbu; kasu honetan, baina, kasu bakarreko aldea dago bi epeen artean.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
3.000tik gertu
Urtarrilaren 13an Euskal Autonomi Erkidegoan protokolo berria ezarri zenetik, beheranzko joera nabarmena hartu du intzidentzia-tasak; baita Nafarroak berak ere, aldaketa hori izan ez arren. Bailarako tasa da eboluzioaren adibide garbia. Urtarrilaren 11an 9.000 puntutik gorakoa zen balioa; protokoloa aldatzean, 8.000 eskasekoa; eta atzo, berriz, 3.039,70an zen intzidentzia-tasa. Asteleheneko datuekin alderatuta, 273 puntuan jaitsi da balioa.
Motelen
Ospitaleetan daudenen zein heriotzen datuak dira adierazle guztien artean motelen jaisten ari direnak. Pasa den eguenean 1.036 herritar zeuden EAEko erietxeetan; 917 ziren domekan; uneotan, aldiz, 772 daude. Antzeko bilakaera izaten ari da zainketa intentsiboa behar duten herritarrena ere, 136 (01/26) eta 133tik (01/30) 116ra jaitsi delako.