Apaldu egin da beheranzko joera

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 31a, 15:38

Apaldu egin da azken asteetan pandemiaren adierazleek ikusarazten zuten beheranzko joera. Modu xumean bada ere, gora egin dute hautemandako kasuek Hego Euskal Herrian; Debagoienean, esaterako, pasa den astean baino bost positibo gehiago atzeman dira (1.076 orotara). Okertu egin dira zuzenak ziren intzidentzia-tasen lerroak, eta ospitaleetako presioa ere apenas aldatu da.

Modu apalean bada ere, beheranzko joera adierazten zuten pandemiaren bilakaeraren inguruan azken asteetan argitaratutako datuek. Bada, Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak gaur eguneratutako erregistroen arabera, eten egin da joera hori. Izan ere, apenas egon da aldaketarik urtarrilaren 13 eta 17aren arteko eta azken asteko datuen artean.

Debagoiena da aldaketa horren adierazle garbia. Bost positibo gehiago hauteman dira azken zazpi egunetan (1.076 orotara), eta modu xumean bada ere, gora egin dute Aramaion (+13), Arrasaten (+10), Oñatin (+8), Elgetan (+8), Leintz-Gatzagan (+7) eta Eskoriatzan (+4) atzemandako kasuek.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Lerroak okertzen

Protokoloak protokolo, urtarrilaren 11az geroztik beheranzko joera nabarmena zuten intzidentzia-tasek ere. Positibo kopuruen egonkortzeak, baina, eragin zuzena izan du adierazle hauetan ere, eta lerro zuzenak okertzen hasiak dira dagoeneko. Bailaran, adibidez, 800 puntuko jaitsiera izan zen urtarrilaren 24ko eta 27ko eguneratzeen artean; azken lau egunetan, baina, 266 puntu eskasean jaitsi da tasa. Zehazki, 3.312,81eko balioan da uneotan.

Aldaketa gutxi ospitaleetan

Hego Euskal Herriko erietxeetako egoeraz ere antzeko irakurketa egin liteke. Urtarrilaren 12an goia jo ostean (1.239 ospitaleraturekin), 1.000 herritarreko langatik jaitsi da astean balioa. Jaitsiera, baina, ez da adierazgarria izaten ari; datu gisa, gora egin dute zapatutik (906) domekara (917). Zainketa Intentsiboen Unitateetan dauden herritarren kopurua ere urrun dago seigarren olatuan goia jo zuenetik (180, urtarrilaren 17an); hala ere, gora egin du ZIUetan dauden herritar kopuruak azken hiru egunetan. Uneotan, 133 pertsonek behar dute zainketa intentsiboa Hego Euskal Herrian.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak