Sabino Arana saria jaso dute Luis Ugaldek, Aita Mari ontziak eta Basque Culinary Centerrek

Jone Olabarria 2022ko urt. 31a, 15:49

Sei saritu izan dira gaur eguerdian Arriaga antzokian banatu dituzten Sabino Arana sarietan, eta hirutan bailarak presentzia izan du: Luis Ugalde jesuita bergararra, Izaskun Arriaran aramaioarra presidente den Aita Mari erreskate-ontzia eta Mondragon Unibertsitatearen gastronomia fakultate den Basque Culinary Center saritu dituzte

Ekitaldia hasi eta saria jasotzen lehena izan da Luis Ugalde jesuita bergararra. "Ekintzaile sozial eta erreferente moral zein politiko" izateagatik saritu du Sabino Arana Fundazioak, "erregimen venezuelarraren bidegabekeriak salatzen aritu den ahotsetako bat delako".

Bergararra hunkituta agertu da sariarekin, eta berarekin batera Venezuelara joandakoei eskaini nahi izan die aitortza. Diskurtsoan zehar bere bizitza gidatu duten "hiru ardatz nagusi" azpimarratu ditu Ugaldek: "Euskal baserria, Inazio Loiolakoak eta Frantzisko Xabierrek helarazitako fedea, eta Venezuelarekin konpromisoa".
 

Euskal baserria, oinarrian

"Bizitzaren arlo guztietan maitatzen eta zerbitzatzen irakatsi zidaten. Duela 65 urte berriz ere jaio nintzen Venezuelan, egun gurutziltzatuta dagoen herrialde zoragarri horretan, eta giza eskubideen alde borrokan aritu naiz". Bere sustraiak "uneoro gogoan" dituela zehaztu du Ugaldek, eta aitortu du beti egongo dela estuki lotuta Bergarako Moiua dorretxera: "Familiaren biziraupena bermatzeko, kide guztien lanean oinarritu da euskal baserriaren ekonomia. Txiki-txikitatik jardun nuen bertan lanean, eta horrek erakutsi zidan amorerik ez ematen, zailtasunak lan eginda gainditzen lagundu dit".
 

Arriaran, Aita Mari ontzitik zuzenean

Aita Mariren izenean, Salvamento Marítimo Humanitario elkarteko kidea den Nerea Machadok oso hunkituta jaso du saria. Hala ere, ontzian bertan misioan dagoen Izaskun Arriaran aramaioarrak ekitaldian parte hartu du zuzenean, bideo dei bidez. Esker ona adierazi eta boluntario guztiei eskaini nahi izan die saria: "Gurekin lanean aritu diren guzti-guztientzat da sari hau. Boluntarioen lanik gabe ezingo genuke gure lan honekin jarraitu, baita babestu gaituzten guztiei eskertu. Giza eskubideen aldeko aldarria egin nahiko nuke, eta gogorarazi egun hauetan mediterraneoan ikusi ditugun egoerak ezin direla onartu ; heriotzak, desagerpenak...ezin dugu horrela jarraitu".
 
2018. urtean Aita Mari erreskate-ontzia aurkeztu zutenetik zazpi misio egin dituztela azaldu du Machadok. Hain zuzen, azken horretan murgilduta daude une honetan, Lampedusa uhartetik gertu: "Mediterraneoan gertatzen denaren berri ez genuke izango bertan ontzi zibilik egongo ez balira. Guretzat ohorea da ikustea oraindik badagoela gizartean elkarrekin gauzak egin eta gizarte justuago bat bultzatzeko gogoa".
 

Basque Culinary Center, "berritzailea eta gaurkotua"

Basque Culinary Centerren izenean, Joxe Mª Aizega igo da oholtzara. Mondragon unibertsitatearen gastronomia fakultateak hamar urtean askotariko jarduerak eta eskaintza zabala garatzeko izan duen gaitasuna azpimarratu ditu Aizeagak: "Hasi ginenean ezin genuen sinetsi gure fakultatean gastronomian doktoretza egiteko aukera izango genuenik ere. Gastronomiaren digitalizazioa lantzeko laborategi bat ere jarri dugu martxan, eta baita ortu eskola bat ere. Identitate propio eta ezberdin bat garatzeko gai izan gara, ohiko entitate akademikoez harago". Gastronomia ikuspegi berritzaile eta gaurkotu batetik lantzen dutela zehaztu du, eta horrek bereizten dituela azaldu du Aizeagak.
 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak