Osasun sailburuak nabarmendu du "zuhurtzia" eskatzen duen egoera dela. Izan ere, hamalau eguneko intzidentzia 3.399,72koa da EAEn, "atzo baino 152 puntu baxuagoa", eta zazpi egunekoa, berriz, 1.588,66an dago, "atzo baino 2,3 puntu gehiago". Erreprodukzio-indizea ere gora doa berriro, domekan 0,7koa baitzen eta gaur, 0,97koa.
Bestalde, Sagarduik adierazi duenez, gaitza duten 642 herritar daude ospitaleratuta eta 99 dira Zaintza Intentsiboen Unitatean daudenak.
Egoera epidemiologikoa eta LABI teknikoaren txostena aintzat hartuta, abenduaren 28ko 51/2021 dekretuan jasotako neurriak luzatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak eta, beraz, merkataritza, gizarte, kultura eta ostalaritza arloko establezimenduek 01:00etan itxi beharko dituzte ateak.
Halaber, %60koa izango da gehienezko edukiera establezimendu eta barruko esparruetan. "Ostalaritza eta jatetxeetan, diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, zutik kontsumitzea debekatuta dago eta gehienez hamar laguneko taldeak egin beharko dira, bai barruan, bai terrazetan", gaineratu du sailburuak. Era berean, 1,5 metroko distantzia egon beharko da, gutxienez, mahaien artean. Neurri bera aplikatuko da txoko, gazte lokal eta elkarte gastronomikoetan.
COVID ziurtagiria, leku gehiagotan
Sagarduik azpimarratu du COVID ziurtagiria "inguruko herrialde askotan" erabiltzen ari direla eta, era berean "txertaketa indartzeko" balio izan duela. Hori dela eta, lehenaz gain, hoteletan, turismo guneetan eta joko-aretoetan ere eskatu beharko dute ziurtagiria, otsailaren 13ra arte, behintzat. Horretarako baimena eskatu dio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari eta hark martitzenean aztertuko du eskakizuna.
Bi aste hauetan bilakaera "gertutik" aztertuko dutela nabarmendu du Sagarduik, eta hartu beharreko neurriak hartuko dituztela osasun egoeraren arabera.