Hildakoak gora, beheranzko joera adierazten duten datuen artean

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 24a, 15:46

Osasun Sailak urtarrilaren 13an protokoloa egokitu zuenetik, astebeteko datuak alderatu litezkeen lehen aldia da. Datuak erkatuta, egoera epidemiologikoa beheranzko joeran dagoela ondorioztatu liteke: denbora tarte berean 179 kutsatu gutxiago atzeman dira bailaran, eta 7 eguneko intzidentzia-tasa 1.652,55ean da. Erkidegoko datu orokorrei erreparatuta, ZIUetan 112 herritar daude uneotan, duela astebete baino 31 gutxiago. Datu txarra hildako kopuruak ekarri du: astebetean 114 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian gaitzak jota (94 EAEn eta 20 Nafarroan).

Urtarrilaren 13an Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak protokoloa egokitu zuenetik, eguenetik domekarako zein astebeteko datuak erkatu litezkeen lehen aldia da gaurkoa. Bide horretan, eta Gotzone Sagardui sailburuak baieztatu duenez, joera beheranzkoa dela ondorioztatu liteke. Datuek berresten dituzte sailburuaren hitzak; bai, behintzat, erregistratutako positibo kopuruei, 7 eguneko intzidentzia-tasari zein ospitaleen egoerari erreparatuta.

Kasu kopuruei dagokionez, urtarrilaren 13aren eta 16aren arteko zein azken lau egunetako datuak konparatuta, 179 positibo gutxiago izan dira Debagoienean; bailarako herri guztietan atzeman liteke, gainera, positiboen beherakada.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Intzidentzia-tasa, 1.652an

14 eguneko intzidentzia-tasak Jaurlaritzaren bi protokolo uztartzen dituela gogoan izanda, bilakaera adierazteko bigarren aldagaia 7 eguneko intzidentzia-tasa da. Kasu honetan ere, nabarmena da beheranzko joera, bai autonomia erkidegoan, baita probintzietan zein bailaran bertan ere. 1.583,12an dago EAEko tasa, eta 1.865,20an, aldiz, Gipuzkoakoa; bien artean dago Debagoienekoa (1.652,55). Azken asteko datua urtarrilaren 13 eta 20aren arteko 7 egunekin alderatuta, ia 300 puntuan jaitsi da balioa azken 4 egunetan. 

Ospitaleak, pixkanaka

Pixkanaka bada ere, ospitaleetako presioa ere arintzen ari da. Uneotan, 730 ospitaleratu daude EAEko erietxeetan, eta horietatik 112 daude Zainketa Intentsiboen Unitateetan, pasa den astean baino 31 gutxiago. Ospitaleratze berrien bataz bestekoari dagokionez, 85 herritar berrik behar dute erietxeetako zaintza egunero; duela bi aste 115 ziren gaitzak jota egunero artatzen zituzten gaixo berriak.

94 hildako EAEn

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako buletin epidemiologikoan hildakoen kopuruak eguneratu dira gaur, eta seigarren olatu honetako daturik okerrena erregistratu da: 94 heriotza astebetean. Hego Euskal Herriari erreparatuta, 114 izan dira azken zazpi egunetan zendutako herritarrak, 20 izan baitira Nafarroan hil direnak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak