Beasain eta Bergara arteko autobide zatia ordaindu egin beharko da gaurtik

Hasier Larrea 2022ko urt. 18a, 08:14

Gaurtik martxan da Beasain eta Bergara arteko A-636 autobidea ordaintzeko free flow sistema. Ohiko kabinen ordez arku batzuk zeharkatuko dituzte gidariek, eta ordainketak telematikoki egin.

Deskargako mendateko errepidea saihesteko helburuarekin eraiki zuten Bidegik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak A-636 errepide azkarra. 2019an ireki zuten, eta epe batean zehar bidesaririk ordaindu beharrik izango ez zela adierazi zuten Aldunditik; hala, epe hori iraungi egingo da gaur, urtarrilak 18, ordainketa sistema ezartzearekin bat.

Kontaktu fisikorik gabe

1991n Norvegian estreinatutako teleordainketa sistema aukeratu du Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Sailak bidesaria kobratzeko. Hala, autobidearen zabalera alderik alde zehartzen duten hiru arku instalatu dituzte Beasainen, Ezkion eta Deskargan, eta arku-erdi bat Antzuolan, Urretxuko noranzkotik datozenendako. Beraz, ibilgailu guztiek, motozikletek salbu, ordaindu beharko dute igaroaldia.

Kanonen prezioetan aldeak egongo dira ibilgailu motaren –lehen eta bigarren mailako ibilgailu astunendako garestiagoa izango da– eta ordainketa sistema motaren arabera; izan ere, hemendik aurrera, bi modu egongo dira ordainketa egiteko: TAG gailu bat eskuratuz edo ibilgailuko matrikula banku-txartel bati lotuz. Izapide horiek Bidegiren webgunean erregistratuta edo aurrez aurreko Aritzetako Bezeroaren Arreta Zerbitzuan egin daitezke.

Informazio kanpaina abian

Kanon arrunta baino merkeago ordaintzeko modu bakarra da Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen TAG gailua, Abiatu sistema deritzona. Gipuzkoako bidesarietarako deskontuak dakartza, A-636an barne (Ikus taula). Hilean gehienez 33,37 euroko gastua ahalbidetzen du probintziako autobideetan, eta 49,30 eurokoa Bizkaiko AP8an eta Arabako AP-1ean.

2020an 102.000 gidarik zeukaten Abiatu, eta urritik aurrera 3.000 gehiagok hartu dute gailua, Aldunditik jakinarazi dutenez. Izan ere, Abiatu ez daukatenei informazioa helarazteko kanpaina jarri zuten martxan udazkenean, eta oraindik ere horretan dabiltza: Bergaran, Ondartzako kontrol-zentroan, AP-1 errepidearen sarreran, egongo dira urtarrilaren 19ko goizean, eta udaletxean, berriz, egun bereko arratsaldean. Antzuolan ere emango dute Abiatu-ren berri, udaletxean, hilaren 26an, goiz eta arratsaldez. Horri lotuta, Aintzane Oiarbide Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak herritar oro animatu du Abiatu eskuratzera, A-636an "%25etik %75erako beherapen progresiboak" lor daitezkeela argudiatuta, "hilean egindako joan-etorrien arabera".

Arku bidezko ordainketa sistemak TAG gailurik ez duten edo matrikula banku-txartel bati lotuta ez daukaten ibilgailuak identifikatuko ditu, eta jarraian Bidegik dagokion izapideak jarraituko ditu ibilgailuen titularrek kanona ordaintzeko, 3 euroko kudeaketa errekargua erantsita. Abenduaren 7ko Gipuzkoako Buletin Ofizialean ageri dena oinarri hartuta, bi hilabeteko epean zor hori kitatu ez bada, Aldundiak isun espedientea irekiko dio gidariari.

Aurkako ahotsak

2020an zehar Bergara eta Beasain arteko autobidean bidesaria ez jartzeko helburuarekin protesta ugari egin ziren. Garraiolarien Hiru sindikatua eta A-636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataforma urtarrilean hasi ziren euren eskaria lau haizetara zabaltzen, auto-ilaren bidez. Apirilean eta ekainean ere beste horrenbeste egin zuten, une oro errepikatuz langileen eta ikasleen kalterako neurria izango zela. Gainera, Hiru sindikatuko Alberto Nuñezek adierazi du garraiolariei asko kostatuko zaiela gastu erantsi hori bezeroen aurrean justifikatzea, eta Aldundiak postura noiz aldatuko zain daude: "Ezezkoan jarraituz gero, mobilizazioetara itzuliko gara".

Bestetik, Berdeak EQUOk bidesari-sistema zuzentzeko eta aldatzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, "trafikoa bigarren mailako bideetara transferitzea saihesteko eta Debagoieneko, Urola Garaiko eta Goierriko biztanleentzat diskriminazio-efektua ekiditeko". Zerga-sistema mistoa proposatu du Berdeak EQUOk, eta zera gaineratu du: "Bide-azpiegituren erabileragatik bildutakoaren zati bat mugikortasun jasangarria finantzatzera bideratzea, batez ere garraio publikorako sarbide okerrena duten eskualdeetan".

Kontseilu Sozialistak ere, Peajerik ez! Bizitzaren garestitzea gelditu! lelopean, elkarretaratzeak egin zituen abenduaren 16an Bergaran eta urtarrilaren 9an Beasainen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak