736 positibo hauteman dira Osakidetzak bailaran egin dituen probetan

Uxue Igarza Loiola 2022ko urt. 17a, 13:31

COVID-19 positiboak zenbatzeko protokolo berriak ez ditu kasu guztiak aintzat hartzen. Halere, Osakidetzak egindako proba diagnostikoetan oinarrituta, behera egin dute Debagoieneko positiboek. Bilakaera aztertzeko, baina, adierazle gehiago hartu behar dira kontuan.

Azken lau egunetan 736 kasu baieztatu dira bailarako proba ofizialetan. Hala, pandemia hasi zenetik, 21.000 kasu baino gehiago atzeman ditu Osakidetzak Debagoienean; zehazki, 21.095. Hurrengo taulan daude azken zenbatekoak, egunez egun eta herriz herri:

HERRIA Eguena Egubakoitza Zapatua Domeka GUZTIRA
Arrasate 75 57 50 33 215
Bergara 52 70 27 28 177
Oñati 28 25 44 16 113
Aretxabaleta 38 30 18 20 106
Eskoriatza 24 18 14 17 73
Aramaio 7 7 4 2 20
Antzuola 8 1 3 5 17
Elgeta 2 3 1 6 12
Leintz Gatzaga 1 2 0 0 2
GUZTIRA 235 213 161 127 736

Dagoeneko aste bat igaro da Jaurlaritzak koronabirus kasuak zenbatzeko modua aldatu zuenetik. Datu ofizialek egoera zaurgarrian dauden pertsonen eta gaixo-agiria behar dutenen positiboak zenbatzen ditu soilik; horiei egiten baitzaie proba Osakidetzan. Hala, positibo kopuruak behera egin dezakeela kontuan hartuta, pandemiaren bilakaera aztertzeko bestelako adierazleei ere erreparatu behar zaie.

EAEko erietxeetan, azken datuaren arabera, 143 lagun daude Zainketa Intentsiboetako Unitatean eta 780 plantan. Aurreko asteko datuekin alderatuta, lagun bat gutxiago dago ZIUn eta hamasei gutxiago plantan. Debagoieneko ospitalean ere, modu apalean bada ere, behera egin du okupazioak: hemezortzi positibo zeuden ingresatuta eguenean eta hamalau –eta kasu zalantzagarriak diren beste hiru– daude gaur.

Heriotzei dagokienez, erkidegoan 78 pertsona zendu dira gaitzaren eraginez; aurreko astean baino hemezortzi gehiago. Hala, guztira, 5.256 lagun hil dira EAEn pandemia hasi zenetik eta 6.586  Hego Euskal Herrian. Debagoieneko datuei dagokienez, Osasun Sailak ez ditu herrietako datuak argitaratzen urriaz geroztik; ordura arte 175 heriotza erregistratu ziren eskualdean.

Honako grafikoan daude EAEn erregistratu diren heriotzak, adin tartearen arabera:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak