Euskal Autonomia Erkidegoan 1.500ekoa zen intzidentzia-tasa metatua Gabon jaien aurretik, eta urtarrilaren hasieran, ia 7.000koa. Sailburuaren esanetan, "gizarteko esparru guztietan" izan du eragina horrek; baita hezkuntzan ere. Horren adibide da lehenengo eskola astean 3.032 ordezkapen egin izana; hots, 600 inguru egunero.
Kasuen gorakadari erantzun nahian, Jaurlaritzak urtarrilaren 5ean helarazi zien ikastetxeei protokolo berria. Bildarratzen arabera, birusari aurre egiteko "eraginkorrenak diren hiru neurriak" jasotzen dira bertan: jolastokietan musukoa erabiltzea, burbuilak gelaka antolatzea eta gelako burbuila horiek ikastetxetik kanpoko ekintzetan ere mantentzea.
Ikasgeletarako itzuleran, protokolo berriaz gain, "itxaropentsuak" izateko bestelako arrazoiak ere badaudela aipatu du Bildarratzek, eta haurren txertaketan jarri du fokua. Azken datuen arabera, 5 eta 11 urte arteko haurren erdiak baino gehiagok jaso du lehenengo dosia (%53,2k); beste modu batera esanda, EAEko 77.000 umek hartu du ziztada bat gutxienez. "Txertaketak aurrera egiteko aukera emango du", iritzi du sailburuak.
Bestetik, Hezkuntza Sailaren datuen arabera, lehenengo astean ez da ikasgelarik itxi eta hori ere positiboa dela ondorioztatu du. "Lehentasuna aurrez aurreko hezkuntza bermatzea da; hori baita gure altxorrik preziatuena. Ikasleentzako eta familientzako aukerarik onena da", azaldu du Bildarratzek.
Bukatzeko, pandemiaren bilakaera "egunez egun" aztertzen jarraituko dutela azaldu dute Jaurlaritzako ordezkariek.
"Hutsuneak", oposizioaren ustez
Oposizioak, bere aldetik, nabarmendu nahi izan du "nahasmendu handia" dagoela protokolo berriekin eta "inoiz baino kontraesan handiagoak" daudela gizartean. Rebeka Ubera legebiltzarkideak esaterako, hezkuntza protokoloan dauden "hutsuneak" azpimarratu nahi izan ditu: "Ez da zehaztapenik ematen arakatzeei dagokienean. Protokoloak dio egoeraren arabera hartuko direla erabakiak; besterik ez". Horrekin batera eskatu du hezkuntzan hartzen diren neurriak "prebentzio estrategian" kokatzea.