COVID funtsetatik eratorrita, 2 milioi eurotik gora jasoko dituzte bailarako udalek

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 14a, 14:20

Gipuzkoako Foru Aldundiak pandemiaren eragina neutralizatzeko Espainiako Estatuak emandako baliabideak lurraldeko udalekin banatzeko erabakia onartu eta zehaztu du. EAEri zegozkion 188 milioi eurotatik 62,9 dagozkio Gipuzkoari, eta %40a (25,1 milioi) banatuko dute probintziako udalen artean. Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak ezarritako irizpideen arabera banatuko dira, eta orotara, 2.130.635,17€ jasoko dituzte bailarako udalek. Oñatiko alkate den Izaro Elorzak ekarpena banatzea "zentzuzko erabakia" izan dela onartu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egindako bileran, pandemiaren eragina neutralizatzeko Espainiako Estatuak bideratutako baliabideak lurraldeko udalekin banatzeko erabakia onartu da. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiarekin batera, Eneko Goia Donostiako alkatea, Jon Iraola Eibarko alkatea eta Izaro Elorza Oñatiko alkatea izan dira bileran, baita Aldundiko bi diputatu ere. "Erantzukizun partekatua" eta "erakundeen arteko konfiantza" azpimarratu nahi izan ditu diputatu nagusiak.

Estatuak pandemiaren ondorioz sortutako ezohiko gastuei aurre egiteko 188 milioi euro bideratu ditu EAEra, eta horietatik 69,2 milioi euro zegozkion Gipuzkoari. Bada, osasuna, hezkuntza edota gizarte-zerbitzuak bezalako oinarrizko zerbitzuak "indartzeko" edota "beste eskumen batzuk baliatzeko", %40a udalei bideratzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak; 25.146.622,00€, alegia. Izaro Elorzak balorazio "positiboa" egin du hartutako erabakiaz, ekarpena nolabait udaletan banatzea "zentzuzkoa" dela argudiatuz.

Banaketa, herriz herri

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak ezarritako irizpideen arabera egingo da ekarpenaren banaketa; hots, biztanleriaren arabera, modu proportzionalean egingo da banaketa. Hori horrela, probintziako 88 udalerrik jasoko dute laguntza, eta honakoak dira Gipuzkoa barruan dauden bailarako zortzi herriek jasoko dituztenak.

Herria Biztanleak Laguntza
Antzuola 2.081 70.787,24€
Aretxabaleta 7.108 240.164,85€
Arrasate 21.867 746.775,74€
Bergara 14.584 495.003,44€
Elgeta 1.141 38.341,35€
Eskoriatza 4.131 139.287,51€
Leitz Gatzaga 211 10.462,96€
Oñati 11.428 389.812,08€
DEBAGOIENA 62.551 2.130.635,17€

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak