1.011 kutsatu, protokolo berria indarrean sartu den astean

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 13a, 14:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak aste hasieran protokoloa egokitu ostean, jarraibide horietan zehaztutako herritar taldeen positiboak eguneratu ditu egoera epidemiologikoaren buletinean. 1.011 kasu hauteman dira asteko lehen hiru egunetan bailaran eta intzidentzia-tasa, berriz, 8.633,06an da uneotan. EAEko erietxeen egoerari erreparatuta, 807 herritar daude ospitaleratuta, eta 136 ZIUetan. Bailaran, aldiz, 15 dira ospitaleratuak.

Gotzone Sagarduik astelehen eta asteartean egindako iragarpenen harira, protokolo neurri berriak dira indarrean. Gaixo agiria behar duten, sintomak dituzten edota talde zaurgarrietan dauden herritarrek soilik eskatu dezakete proba diagnostikoa egiteko hitzordua Osakidetzan. Ondorioz, herritar talde hauei dagozkien positiboen datuak biltzen ditu Osasun Sailak, eta zifra horietara mugatuko dira, gaurtik aitzin, Goienak pandemiaren inguruan eskainitako zenbakiak zein bilakaeraz egindako irakurketak.

1.011

Asteko lehen hiru egunetan Debagoienean atzemandako kasuek 1.000ko langa igaro dute. 300 positibotik gora hauteman dira egunero. Azken zazpi egunei erreparatuta, 1.997 herritar kutsatu dira.

Herriak Astelehena Martitzena Eguaztena GUZTIRA
Arrasate 132 104 90 326
Bergara 99 98 79 276
Oñati 60 55 43 158
Aretxabaleta 38 28 43 109
Eskoriatza 21 20 27 68
Antzuola 15 9 7 31
Aramaio 6 4 8 18
Elgeta 2 12 4 18
Leintz Gatzaga 1 6 0 7
GUZTIRA 374 336 301 1.011
  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Aldaketa gutxi ospitaleetan

Astelehenean argitaratutako datuekin alderatuta, aldaketa gutxi izan dira EAEko erietxeetako okupazio mailan. Uneotan, 807 herritar daude ospitaleratuta, azken eguneraketan baino 11 gehiago. Zainketa Intentsiboen Unitateei dagokionez, 121 eta 142 herritarren arteko mugan dabil zifra urtea hasi zenetik; uneotan, 136 dira zainketa berezia behar duten pertsonak. Bailarako datuei dagokionez, hamabost lagun daude koronabirusaren eraginez ingresatuta Debagoieneko Ospitalean, astelehenean baino hiru gutxiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak