Gizarteko datu orokorren bidetik, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako kutsatze kopuruek ere goranzko joerari eusten diote. Hots, urtarrilaren 3an 135 kasu aktibo zeuden, 251 ziren kutsatuak joan zen eguenean, eta gaur, berriz, 317 egoiliarri atzeman zaie birusa. Urtea hasi zenetik, beraz, ia hirukoiztu egin da kutsatu kopurua.
Bailarako egoitzak dira gorakada horren adierazle. Bost zentrotan daude uneotan kutsatuak: 35 Arrasateko Iturbiden, 17 Oñatiko San Martinen, 14 Bergarako Mizpirualden, 10 Eskoriatzako Jose Aranan eta 2 Arrasateko Benito Mennin. Orotara, 78 egoiliar. 38, gainera, eguaztenetik gaur arte atzeman diren kasuak dira; zehazki, 13 positibo berri izan dira Iturbiden eta Mizpirualden, 10 Jose Aranan, eta 2, berriz, San Martinen.
Sendatu eta hildakoak
Txanponaren beste aldean, baina, sendatu eta hildakoen datuak daude. Azken lau egunetan 3 egoiliar hil dira Gipuzkoan, kutsatu guztien %0,9a. Gaitza pasa dutenei dagokionez, 46 egoiliar izendatu ditu Aldundiak sendatu gisa; horietatik 4 dira bailarako egoitzetakoak (2 Oñatiko San Martinen, eta bana Bergarako Mizpirualden eta Aretxabaletako Debagoiena egoitzan).