Osasun Sailak argitaratutako datuen arabera, 986 debagoiendarri atzeman zaie birusa urtarrilaren 6aren eta 9aren artean, 2.438ri urteko lehen aste osoan. Pasa den astearekin alderatuz gero, ia 1.000 kasu gutxiago hauteman dira; pasa den asteko eguena eta domeka bitarteko positiboekin alderatuz gero, berriz, %54 gutxiago. Beherakadak beherakada, 2020ko martxoaz geroztik erregistratu den astebeteko zifra okerrenen artean bigarrena izan da igaro berri dena.
Herriak | Eguena | Egubakoitza | Zapatua | Domeka | GUZTIRA |
Bergara | 54 | 131 | 79 | 49 | 313 |
Arrasate | 42 | 120 | 97 | 45 | 304 |
Oñati | 45 | 35 | 48 | 22 | 150 |
Aretxabaleta | 15 | 42 | 34 | 13 | 104 |
Eskoriatza | 15 | 13 | 16 | 3 | 47 |
Antzuola | 6 | 13 | 14 | 4 | 37 |
Elgeta | 2 | 5 | 7 | 2 | 16 |
Aramaio | 3 | 3 | 3 | 2 | 11 |
Leintz Gatzaga | 1 | 2 | 0 | 1 | 4 |
GUZTIRA | 183 | 364 | 298 | 141 | 986 |
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Apal, baina gora
Antzeko joera ikusi daiteke intzidentzia-tasari erreparatuta ere. Inoizko zifra altuenean da bailarako tasa: 9.003,38. Abenduaren 19tik izandako bilakaerari so eginez gero, baina, tasak hazkunde txikiena izan duen tartea izan da eguaztena eta domeka bitartekoa; hots, azken lau egunetan, 121,9 puntuan hazi da intzidentzia-tasa, pasa den asteko tarte bereko 2.500 puntuko igoeratik urrun. Horren adierazle, Aramaioko, Aretxabaletako, Eskoriatzako, Gatzagako eta Oñatiko tasek behera egin dute.
Lerroak, okertzen
Azken asteetan intzidentzia-tasak adierazten dituzten grafikoek goranzko joera izan dute; horrela jarraitzen du 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia metatua adierazten duenak ere, lerroa okertzen hasia den arren. Bada, baina, esperantzarako biderik, azken 7 egunetako intzidentzia-tasaren grafikoan ikusi daitekeen bezala. Gipuzkoan agerikoa da aldaketa, eta Bizkaian zein Araban ere ikusten dira lehen zantzuak.
Txanponaren beste aldea
Datu esperantzagarri horiek ere badute beste alderik. Kasu honetan, EAEko erietxeetako datuek goranzko joeran jarraitzen dute, goia jo izanaren itxura gabe. Ospitaleratze berriak jaitsi diren arren, 796 herritar daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan, pasa den eguaztenean baino 165 gehiago. ZIUei dagokionez, 142 pertsona daude Zainketa Intentsiboen Unitateetan, duela lau egun baino 20 gehiago.
Farmaziako testak, aski
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean gaur goizean egindako agerraldian adierazi duenez, prozedura aldaketa bat egingo du Eusko Jaurlaritzak kutsatzen diren herritarren kasurako. Zehazki, farmaziako testei baliagarritasuna emango zaie, Osakidetzan proba horiek berresteko egin ohi zen proba bertan behera utziz.
Ondorioz, botikako antigeno proban positibo eman duten herritarrak bakartu egin beharko dira, eta ez dute jakinarazpen galdetegirik bete beharko. Sintomak okertzen zaizkien pazienteei zein aurrez zaurgarriak diren herritarrei soilik egingo die jarraipena zein proba osagarriak Osakidetzak. Laneko baja eskatzeko, berriz, abenduaren 28tik eskuragarri dagoen galdetegia bete beharko dute herritarrek.