Beste behin, inoizko daturik txarrenak erregistratu dira Debagoienean. Arrasaten atzeman dituzte positibo gehien, jarraian Bergaran eta hirugarren Oñatin. Gainera, EAEn, 5.000 biztanletik gorako herrien artean Oñati da hamalau eguneko intzidentzia-tasa altuena duena; 9.530,87 zehazki.
Ondorengo taulan ikus daitezke abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra arteko datuak herriz herri.
Herriak | Eguena | Egubakoitza | Zapatua | Domeka | GUZTIRA |
Arrasate | 211 | 189 | 122 | 163 | 685 |
Bergara | 174 | 132 | 82 | 150 | 538 |
Oñati | 108 | 114 | 81 | 99 | 402 |
Aretxabaleta | 63 | 61 | 26 | 69 | 219 |
Eskoriatza | 32 | 29 | 22 | 37 | 120 |
Antzuola | 32 | 32 | 7 | 25 | 96 |
Aramaio | 17 | 16 | 4 | 12 | 49 |
Elgeta | 9 | 6 | 5 | 15 | 35 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0 | 1 | 1 | 2 |
GUZTIRA | 646 | 579 | 350 | 571 | 2.146 |
Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude Goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Datu metatuei erreparatuz, pandemia hasi zenetik ia 17.000 positibo atzeman dituzte bailaran; 16.940 zehazki. Badaude kutsatuta egon arren positibo eman ez dutenak, eta baita, birusa bi aldiz hartu duenik ere, baina baieztatutako kasu guztiak aintzat hartuta esan daiteke Debagoieneko biztanleriaren %26ak hartu duela gaitza dagoeneko.
35 hildako
EAEko datuak ere ez dira hobeak izan, lau egunetan 41.495 kutsatu berri erregistratu dituzte eta 67.573 astebetean. Horrez gain 35 pertsona izan dira azken zazpi egunetan koronabirusaren eraginez hil direnak.
Ospitaleei dagokienez, 560 lagun daude ingresatuta, horietatik 132 ZIUetan.