Datu orokorren bidetik, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan ere gora doaz COVID-19az kutsatutako herritarren datuak. Orotara, 35 dira probintziako egoitzetan aktibo dauden positiboak; horietatik zortzi Bergarako Mizpirualdeko (4), Arrasateko Iturbideko (2) eta Oñatiko egoitzako (2) egoiliarrak dira.
Lehenaren kasuan, pasa den astean hauteman ziren kutsatzeak, baina Arrasateko eta Oñatiko egoitzetan azken lau egunetan atzeman dira hiru kasu berri; zehazki, bat Arrasaten, eta biak Oñatin. Guztira, 21 egoiliarrek eman dute positibo azken egunetan Gipuzkoan.
Goxatu, indartuta
Egoera ikusita, 2020ko abenduan martxan jarritako Goxatu programa indartzeko hautua egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Egoitzetan bizi diren adinekoen "bizi-kalitatea eta ongizate psiko-emozionala ahalik eta gehien babestea" zein "aisialdi aktiboa bultzatzea" helburu hartuta, musika eta dantza emanaldiak antolatu dituzte urte osoan zehar. Bada, bisitak eta irteerak "normaltasunez, baina zuhurtzia osoz" egiten ari diren uneotan, kultur jarduera indartzeko erabakia hartu du Aldundiak; 28 musika eta dantza emanaldirekin osatuko dituzte Gabonetan egoitzetan egiten diren "ohiko jarduerak".