Argibide berrien esperoan, 907 positibo gehiago bailaran

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 27a, 16:37

Azken asteko datuek marka guztiak hautsi dituzte: 1.456 kasu hauteman dira Debagoienean. Pasa den astekoa zen daturik okerrena (849), eta azken lau egunetan bakarrik positibo gehiago atzeman dira (907). Intzidentzia-tasa ere inoiz ikusi gabeko zenbakietan da (3.556,60), eta 700 puntutik gora igo da azken lau egunetan. Iñigo Urkullu lehendakariak LABI batzordea deitu du biharko, eta neurri murriztaile berriak hartuko dituztela iragarri du.

Azken asteetako bilakaerari segika, inoiz baino datu okerragoak erregistratu dira azken zazpi egunetan EAEn: 19.709 positibo atzeman dira erkidegoan, horietatik 1.456 bailaran. Azken lau egunei erreparatuta, goranzko joerak ez du etenik; 849 kasurekin abenduaren 13tik 19rako astea ordura arteko asterik makurrena izan bazen, azken lau egunetan bakarrik positibo gehiago atzeman dira (907). Horren adibide, asteartetik domekara 2020ko martxoaz geroztik positibo gehien atzeman diren sei egunak izan dira.

Herriak Eguena Egubakoitza Zapatua Domeka GUZTIRA
Arrasate 84 62 53 85 284
Oñati 79 73 40 67 259
Bergara 32 56 41 16 145
Aretxabaleta 37 30 32 6 105
Eskoriatza 12 19 18 4 53
Antzuola 5 13 4 5 27
Aramaio 7 3 5 0 15
Elgeta 3 4 4 3 14
Leintz Gatzaga 3 0 2 0 5
GUZTIRA 262 260 199 186 907
  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

736 puntu gehiago

Intzidentzia-tasaren igoerak ere ez du etenik. Astelehenean 3.000ko langatik gertu bazen, lau egunetan 700 puntutik gorako igoera izan du, eta 4.000tik gertuago dago uneotan (3.556,60). EAEko datu orokorrak ere lehen aldiz igaro du 2.000 puntuko muga (2.076,68); Gipuzkoan dago intzidentzia-tasa altuena, baina geroz eta gertuagotik jarraitzen diote Bizkaia eta Arabako datuek. Baiarako herrien artean, esanguratsua izaten jarraitzen du Oñatiren kasuak; 5.000 pertsonatik gorako herrien artean, erkidegoan tasa altuena duen udalerria da (6103,94).

 

 

30 hildako

Azken datuen eguneraketetan erietxeetako datuek aldaketa nabarmenik irudikatzen ez zuten arren, lau egunotan gora egin dute erregistroek. Uneotan, 381 herritar daude EAEko erietxeetan, domekan baino 96 gehiago. ZIUetan, berriz, 110 pertsona daude, duela lau egun baino 9 gehiago. Heriotzei dagokionez, 30 izan dira azken astean erkidegoan hil diren herritarrak, abenduaren 13tik 19rako astean baino 8 gutxiago.

Neurri murriztaile berriak

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua neurri murriztaile berriak indarrean jartzeko elkarlanean ari dira. Maria Txibiteren gobernuak gaur bertan eskatuko dio baimena Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari; Iñigo Urkulluk, aldiz, Babes Zibileko Planaren aholku batzordea (LABI) deitu du biharko, datozen egunetan indarrean sartuko liratekeen neurriak onartzeko.

Hainbat hedabidek jakitera eman dutenez, jarduera komertzial, sozial eta kultural guztiak 01:00rako amaitzea proposatuko du Jaurlaritzak; 21:00rako, berriz, abenduaren 31an zein urtarrilaren 1, 5 eta 6an. Oro har, toki itxietan edukiera %60ra murriztea da asmoa, eta estadio eta 5.000 ikusle baino gehiagoko espazioetan, berriz, %50era. Horrez gain, barran kontsumitzea eta mahai bakoitzean hamar lagun baino gehiago elkartzea debekatu nahi du Eusko Jaurlaritzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak