Positiboen zaparradak ez du etenik. Atzo EAEn 24.832 proba egin ziren, eta horietatik 4.744ri birusa atzeman zitzaien (%19,1); 2020az geroztik, erkidegoan izan den daturik okerrena da. Bada, bailarako datuek bilakaera bera dute, martitzenean hauteman baitzen egun bakarrean inoiz erregistratutako positibo kopuru handiena, eta hiru eguneko datuek ere langa guztiak hautsi baitituzte. 549 kasu zenbatu dira astelehenetik eguaztenera Debagoienean, eta 1.029 azken 7 egunetan. Aurreko asteko joerari eutsiz, adierazgarria da Oñatiren kasua, pasa den eguaztenetik 357 oñatiar kutsatu baitira (herritar guztien %3,3a).
Herriak | Astelehena | Martitzena | Eguaztena | GUZTIRA |
Oñati | 36 | 83 | 58 | 177 |
Arrasate | 48 | 50 | 61 | 159 |
Bergara | 24 | 35 | 32 | 91 |
Aretxabaleta | 11 | 15 | 29 | 55 |
Eskoriatza | 8 | 13 | 12 | 33 |
Elgeta | 3 | 4 | 4 | 11 |
Aramaio | 3 | 3 | 4 | 10 |
Antzuola | 4 | 2 | 3 | 9 |
Leintz Gatzaga | 1 | 3 | 0 | 4 |
GUZTIRA | 138 | 208 | 203 | 549 |
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
3.000ko langara gerturatzen
EAEn intzidentzia-tasa 1.495,38an dago, eta lurraldeka, Gipuzkoak du handiena (1.824,26), Bizkaia (1.475,15) eta Arabaren (1.257,92) aurretik. Bailarako datuek, baina, ia bikoiztu egiten dituzte erkidegoko datu orokorrak; hots, 2.820,60an dago intzidentzia-tasa, eta hiru egunean 300 puntutik gora hazi da.
Joera egonkorra ospitaleetan
Positibo kopuruen gorakadak, baina, ez du aldaketa nabarmenik eragin EAEko ospitaleetan eta ZIUetan dauden herritar kopuruan. Duela astebete 299 pertsona zeuden ospitaleratuta, 324 domekan, eta atzo, berriz, 285. Zainketa Intentsiboetako Unitateetan antzekoa da joera; abenduaren 15ean 100 herritar zeuden, domekan 105, eta atzo, aldiz, 101.