Sei hilabetez aire zabalean maskarik gabe ibili ostean, musukoa nahitaezkoa izango dela iragarri du Sanchezek gaur arratsaldeko erkidegoen arteko bileran. Neurria bihar onartu behar da ezohiko Ministroen Kontseiluan. Urkullu lehendakariak neurri hori bera –eta beste zenbait; hala nola, Gabonetako jai egunetan tabernak eta dendak 21:00etan ixtea– proposatu zion Sanchezi, gaurko bileraren aurretik bidalitako gutunean.
Bestetik, Sanchezek txertaketari lotutako helburu batzuk ere finkatu nahi izan ditu bilkuran: urtea bukatu baino lehen, 60-69 adin tartekoen %80k hirugarren dosia jasotzea (EAEn momentura arte %79,6k du dosi osagarria); urtarrilaren 24ko astean, 50 eta 59 urte artekoen %80 txertatua egotea (erkidegoan %94k du immunitate handiena); martxoko lehenengo astean, 40-49 adin tartekoen % 80 txertatzea (%91,4a dago EAEn); 5 eta 11 urteko umeen % 70ek lehen dosia hartzea otsailaren 7ko asterako (erkidegoan %10,5 txertatu da dagoeneko); eta bukatzeko, haurren % 70ek bigarren dosi pediatrikoa apirilaren 19ko asterako hartzea.
Txertaketa azkartzeko, Sanchezek aurreratu du Armadako militarrak jardungo dutela lanean eta beraien ospitaletan herritarrak artatuko dituztela. Horrez gain, erretiratutako osasun langileak eta Europar Batasunetik kanpo espezialista titulua lortu duten profesionalak kontratatzeko aukera ere mahai gainean jarri du gobernuburuak.
Bukatzeko, iragarri du Estatuko Aurrekontu Orokorretatik 292 milioi euro bideratuko direla lehen mailako arretako plan batera.
Desadostasuna, Sanchezen neurriekiko
Urkulluk aurrez egindako proposamenak
Sarreran aipatu bezala, gaurko bilerarako hainbat proposamen helarazi zizkion lehendakariak Sanchezi, eta gaur adierazi du "ez direla aintzat hartu":
- Kanpoaldean maskara nahitaez erabili beharra.
- Urtarrilaren amaierara arte, merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako gehieneko itxiera-ordutegia 01:00etara mugatzea.
- % 60ko edukiera-muga ezartzea mota guztietako establezimenduetan; gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietarako esparruetan gehienez ere 600 pertsona biltzea barrualdean eta 800 kanpoan.
- 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, barnealdeko gehieneko edukiera 800 pertsonara mugatzea eta 1.200era kanpokoa. Eta 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera % 50era mugatzea.
- Ostalaritzako establezimenduetan eta diskoteketan zutik kontsumitzea debekatzea, eta mahai multzo bakoitzeko hamar pertsonara elkartu ahal izatea (barruan nahiz terrazetan).
- Barneko instalazioetan kirola egiteko gehienez hamar pertsonako taldeak osatzea eta aldagelen erabilera % 50era murriztea.
- Abenduaren 24, 25 eta 31n eta 2022ko urtarrilaren 1, 5 eta 6an merkataritza-establezimendu eta ostalaritzako establezimendu eta zerbitzu guztiak 21:00etan ixtea.