Epele, industria hondakinak hartzen hasteko gertu

Xabier Urtzelai 2021ko abe. 21a, 18:28

Epeleko hondakindegiaren irudia.

Azken hilabeteotan hainbat erakunde eta eragilerekin lanean aritu ondoren, Epeleko hondakindegiaren gaur egungo jasotze gaitasuna inguruko industriaren beharren eskura jartzeko prest dago Debagoieneko Mankomunitatea.

Epeleko hondakindegia ostera ere industriaren beharrei erantzuteko gertu dagoela adierazi dute Debagoieneko Mankomunitatetik: "Azken hilabeteotan hainbat erakunde eta eragilerekin lanean aritu ondoren, Epeleko hondakindegiaren gaur egungo jasotze gaitasuna inguruko industriaren beharren eskura jartzeko prest dago Debagoieneko Mankomunitatea".

1993an ireki zuten hondakindegia 

Epeleko hondakin industrialen isurtegia 1993. urtean ireki zuen Debagoieneko Mankomunitateak, bailarako industriak zituen beharrei aurre egiteko. Harrezkero, jabetza eta kudeaketa publikoa izan duen isurtegia izan da, eta hondakin industrial ez arriskutsuak jaso izan ditu 25 urtez. "2018. urtean, bideragarritasun ekonomikoa guztiz kolokan jarrita, hondakinak jasotzeari utzi zion eta zigilatu gabe gelditu zen. Egoera horretan, mantentze eta kudeatze gastu handiak sortu dira, Debagoieneko mankomunitateak bere gain hartu behar izan dituenak".

Hala, 2020ko otsailean, Zaldibarko Verter Recyclingeko zabortegia jausi zen eta hondakin industrialen inguruko egoera goitik behera aldatu zen. Hondamendi horren ondoren, Eusko Jaurlaritza EAEn zegoen hondakin industrialen arazoari irtenbideak bilatzen hasi zen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dauden zabortegiei hondakin industrial gehiago jasotzeko eskatuz, besteak beste, Epeleri. "Debagoieneko mankomunitatea Epeleri behin betiko soluzioa emateko hainbat azterketa egiten ari zen orduan. Epelek gaur egun berriz irekitzeko moldaketa batzuk behar ditu, eta horrek milioi bat euroko kostua du. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, zabortegia handitzea eskatu du eta egokitzapenetarako bi milioi euroko dirulaguntza ere onartu du. Baina Debagoieneko mankomunitateari dagokio hondakindegiaren inguruko erabakiak hartzea". Bada, Debagoieneko mankomunitateak dio aukera guztiak aztertu dituela, "Bai ikuspegi finantzieroa, jasangarritasuna, baita zabortegiaren egonkortasuna ere. Mankomunitateko teknikariek egin dituzten txostenek egungo hondakindegiaren egonkortasuna egokia dela ziurtatzen dute, baina handitzeko aukera erabat baztertzen dute".

Hori horrela, Debagoieneko Mankomunitateak planteatu du hondakindegia gaur egungo betetze gaitasunera mugatzea, batetik –egun, Epelen 486.000 tona hondakin gehiago jasotzeko lekua dago oraindik–; eta, bestetik, zerbitzua zabaltzea, mankomunitateko mugez gaindi, erkidegoan sortutako hondakin industrial ez arriskutsuak jasotzeko. "Kostu horri aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak Epele handitzeko eskainitako dirulaguntzaren erdia soilik beharko genuke. Hala, Debagoieneko Mankomunitateak Epele berriz irekitzearen aldeko apustua egiten du, lehentasunez, eskualdeko industriak dituen beharrizanei erantzuteko, eta, bestetik, 1993. urtean abiatu zen proiektuari orduan aurreikusitako itxiera emateko".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak