Oposizioaren galderei erantzunez zein ekimen propioz, gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egin den kontrol saioan hainbat aldiz hartu du berbagai Iñigo Urkullu lehendakariak Covid-19aren egoera zein Jaurlaritzak gaiaz duen ikusmira. Besteak beste, Eguberrietako ospakizunak, musukoen erabilera, Osakidetzaren egoera zein txertaketa izan ditu hizpide.
Lehendakariak adierazi duenez, neurri batzuk ezartzeko "muga legal eta juridikoak" ditu Eusko Jaurlaritzak, eta ordainetan, datozen egunetako ospakizunei begira aholku sorta bat iragarriko dute; esaterako, bil daitekeen pertsona kopurua mugatzeko gomendioa. Horrez gain, kanpoaldean ere maskara erabiltzearen alde agertu da, neurria ezartzeko Espainiako Gobernuak indarrean den dekretua aldatu beharko lukeen arren. Osakidetzaren lantaldea indartzen ari direla ere aipatu du, baita hirugarren dosia zein haurren txertaketa azkartzeko urratsak egiten ari direla.
Desfileak, kolokan
Arratsaldean bildu da LABIren batzorde tekniko-zientifikoa, eta gomendio bat egin die hiriburuetako udalei zein Eudeli -bailarako 9 udalak dira elkartearen parte-: Olentzeroren eta Errege Magoen desfileak zein "pandemiaren aurretik ohikoak ziren eta antzeko ezaugarriak dituen beste edozein ekitaldi" saihestea, edo "gutxienez pandemia aurreko estilora ez egitea". Ospatzekotan, ekitaldiak "uneak eskatzen dituen baldintzetara" egokitzea eskatu du batzordeak.