Eneko Bidegain: "Hedabideen funtzioa ez da informatzea bakarrik"

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko abe. 17a, 08:29

Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan argitalpena kalean da. Huheziko irakasle eta ikerlari Eneko Bidegainek, Ainhoa Larrañagak eta Zuriñe Maguregik sinatzen dute. 2019ko Martin Ugalde beka jaso zuten ikerlana egiteko, eta ateratako ondorioen berri ematen dute liburuan.

"Orokorrean, ez da Euskal Herriaren osotasuna agertzen", hala dio Eneko Bidegainek ikerketa egin ostean. Ikerketa kuantitatiboa eta kualitatiboa egin dute Larrañagak, Maguregik eta hirurek eta ondorio nagusia da albiste gehienek datu edo berri partzialak ematen dituztela. "Kasu hoberenean, Hego Euskal Herrikoak ematen dira, eta, gehienetan, EAEkoak bakarrik". Aztertu dute, baita ere, zer nolako albisteetan gertatzen den hori. "Batez ere, datuak ematen dituzten albisteetan edo informazio instituzionala jasotzen dutenetan gertatzen da. Aldiz, kazetariek erakundeek markatutako agendatik kanpo landutako albisteetan ikuspegi nazionala gehiago zaintzen da".

Hainbat kazetariren iritziak ere jaso dituzte ikertzaileek. "Azalpenak bilatzerakoan, gehienetan, Euskal Herriaren egoera administratiboa aipatzen dute, baita ere datu uholdea, berehalakotasuna... Hemen galdera da zerk duen lehentasuna. Datuak erreproduzitzen dira zehaztasuna ematen dutelakoan, baina titulatzen bada Hego Euskal Herrian koronabirus kasuek gora egiten dutela esaten dena da, literalki, Ipar Euskal Herrian behera egin dutela edo ez direla igo. Eta kontua ez da hori, kontua da kazetariak ez dituela Ipar Euskal Herriko datuak ezagutzen".

"Lapitzak zorrozteko" proposamenak

"Detektatu badugu lurraldetasunaren arazoa batez ere datuak dituzten albiste instituzionaletan gertatzen dela, baloratu beharko dugu datu horien pertinentzia zenbaterainokoa den. Datuak partzialak badira, kazetariak behar bada pentsatu behar du merezi ote duen datua holaxe ematea. Gero, datu burujabetza bat lortu nahi bada, beharbada, antolaketa edo saretze bat izan liteke aterabidea. Konplikatuagoa izan daiteke, baina Euskal Herrian dauden udalak, elkarteak, euskaraz ari diren kazetariak, hedabideak... saretu daitezke".

Euskal Herri osoko datuak bilatzeko ahalegina egitea, euskal albisteen agentzia bat sortzea, euskal datu erakunde bat, kazetariendako eskola bat, gidaliburu bat, behategi sozio-ekonomiko indartsu bat, kazetarien arteko elkargo bat, zaintza batzorde bat... proposatzen dira ikerketaren azken atalean.

Kazetariekin eta Gaindegia-ko arduradun batekin izandako elkarrizketetan ateratako proposamenak direla azaldu du Bidegainek. "Pista batzuk dira, lanketa eta eztabaida asko eskatzen dutenak. Lantzeko denbora hartu behar da, eta erabaki batzuk hartu behar dira".

Hedabideen funtzioa ez da bakarrik informatzea

"Munduko edozein tokitan hedabideen funtzioa ez da herritarrak informatzea bakarrik, baizik eta kohesio bat ematea herri, estatu edo nazio horretako biztanleei. Komunikabideak beti erabili izan dira herritarrek nazio kontzientzia bat izan zezaten. Gipuzkoan Diario Vasco dago eta Lapurdin Sud-Ouest dago. Berez, ez dira tokiko hedabideak, nahiz eta tokiko komunikazioa ematen duten. Euskal hedabideek ez badute euskal nazio kontzientzia hori egiten, gelditzen gara beste horrekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak