60.000 dosi, asteazkenetik aurrera haurrak txertatzeko

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 9a, 11:53

Haur eta gurasoak ilaran, artxiboko irudi batean.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak hedabide batean adierazi duenez, haurrentzat egokitutako COVID-19aren aurkako txertoaren 60.000 dosi jasoko ditu Eusko Jaurlaritzak asteartean, hilaren 14an. Datorren egunean hasiko da 5 eta 11 urte arteko haurren txertaketa kanpaina, adin-talde horretako nagusienetatik hasita. Txertoak ez dira eskoletan jarriko: "Osasun zentroak eta erdibideko txerto guneak prestatuko ditu Osakidetzak".

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur goizean eman ditu jakitera 5 eta 11 urte arteko haurren txertaketa kanpainaren inguruko hainbat argibide. Pasa den astean Carolina Darias ministroak iragarri zuen abenduaren 13an adingabeei egokitutako 1,3 milioi dosi jasoko dituela Espainiak -beste 2,4 milioi urtarrileko lehen astean-. Bada, Sagarduik euskal irrati batean adierazi duenez, 60.000 dosi jasoko ditu Eusko Jaurlaritzak abenduaren 14an.

Hurrengo egunean bertan ekingo dio Jaurlaritzak haurrak ziztatzeari; abenduaren 15ean, eguaztenean. Datu gisa, 5 eta 11 urteko 136.000 herritar baino gehiago daude uneotan EAEn, eta lehen txanda honetan jasoko diren dosiei erreparatuta, adin-talde horretako haur erdiek baino gutxiagok izango dute txertatzeko aukera. 11 urtekoetatik hasi eta adinean behera joatea da Jaurlaritzaren asmoa, eta zortzi asteko epea aurreikusi dute ziztada eta ziztada artean.

Eskoletan ez

"Gabonetako oporrak tarteko eta, batez ere, gurasoekin joan beharko dutela kontutan hartuta, osasun zentroak eta erdibideko txerto guneak prestatuko ditu Osakidetzak", esan du sailburuak. Ondorioz, eskoletan ez da txertorik jarriko. Azkenik, eta oinarrizko bide orriak definitu dituen arren, haurren txertaketaren estrategia zehatza datozen egunetan jakitera emango duela adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak