Espainiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, gaur goizean bildu den Osasun Publikoko Batzordeak Espainian 5 eta 11 urte bitarteko haurrei COVID-19aren aurkako txertoa jartzea adostu du. Bide horretan, Gotzone Sagardui osasun sailburuak esan du EAEn abenduaren 15etik aurrera haurrei txertoa jartzen hasteko "prest" direla.
Pasa den astean Carolina Darias ministroak iragarri zuen abenduaren 13an adingabeei egokitutako 1,3 milioi dosi jasoko dituela Espainiak, eta beste 2,4 milioi urtarrileko lehen astean. Dosiak autonomia-erkidegoei banatuko zaizkie, horietako bakoitzak dituen haur kopuruaren arabera. Bada, Sagarduik adierazi duenez, jasotako txerto kopuruaren araberakoa izango da Eusko Jaurlaritzako diseinatuko duen kanpaina; hots, 11 urtekoekin hasi eta adinean jaisten joatea da Jaurlaritzaren asmoa, baina dosi kopuru zehatza izatean iragarriko omen du Osasun sailburuak jarraituko duten bide orri zehatza.
Kanpaina orokorra
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo emandako datuen arabera, 406.319 herritarrek jaso dute jada hirugarren edo errefortzu dosia. Horietatik 74.099 pertsona 60 urtetik beherako arrisku taldeetako herritarrak dira; 332.220, aldiz, 60 urtetik gorako pertsonak. Halaber, aipagarria da azken datu honen eta helburu publiko den biztanleria osoaren arteko proportzioa; hots, 60 urtetik gorako herritarren %52,58ak jaso du jada hirugarren ziztada.
Txertaketa kanpainaren datu orokorrei erreparatuta, ez da igoera nabarmenik egon lehen dosia eta immunizazio osoa jaso duten herritarren artean. Lehenaren kasuan, 1.815.830 herritarrek edo 12 urtetik gorako biztanleria osoaren %91,8ak jaso du ziztada; azken lau egunetan 4.477 pertsona gehiagok, alegia. Pauta osoa, berriz, 1.797.215 pertsonak bete dute, helburu publiko diren herritarren %90,8ak. Kasu honetan, pasa den astean baino 3.865 herritar gehiago dira. 20-29 eta 30-39 urte arteko adin-taldeek jarraitzen dute tasa baxuenekin, eta 12 eta 39 urte bitarteko lau adin-taldeak soilik ez dira heldu %90eko immunizazio osora.
Adin-taldea | Dosi bat gutxienez | Inmunizazio osoa | Errefortzu dosia |
>= 100 urte | %95,8 | %95,0 | - |
90-99 urte | %93,5 | %93,5 | %90,9 |
80-89 urte | %97,3 | %97,2 | %85,6 |
70-79 urte | %96,2 | %96,2 | %71,9 |
60-69 urte | %94,7 | %94,7 | %18,5 |
50-59 urte | %95,1 | %93,8 | - |
40-49 urte | %91,9 | %91,1 | - |
30-39 urte | %85,2 | %83,5 | - |
20-29 urte | %82,1 | %80,2 | - |
16-19 urte | %90,6 | %88,6 | - |
12-15 urte | %91,4 | %88,7 | - |
GUZTIRA | %91,8 | %90,8 | %52,6 |