Deba ibaia hazita, baina gainezka egin barik

Mireia Bikuña 2021ko aza. 29a, 14:36

Azken orduetako euri jasaren ondorioz, Deba ibaia hazita doa Debagoienean. Bere ibilbidean hainbat puntu beltz ditu eta horietako batzuetan, ura bere bidetik irten da. Baina, oro har, ibaiak ez du gainezka egin.

Atzo arratsaldetik gaurko goizaldera iragarrita zegoen prezipitazioa iraunkorra izango zelakoan eta uholdeak izateko arriskua handituko zelakoan, Uholde Arriskurako Plan Berezia larrialdi fasearen 1 egoera aktibatzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak.

Eta, aurreikuspenak bete dira. Euria erruz egin du, eta bereziki, indar handia hartu du Deba ibaiak. Elorregiko biribilgunean bat egiten dute Oñatitik eta Leintz aldetik doazen urek, eta ibaia asko hazi da puntu horretan. 

Handik aurrera, Bergara alderako ibilbidean, hainbat lekutan, gainezka egiteko puntuan egon da. Elorregi inguruko hainbat baratzeetan ura pilatu da, eta Bergarako San Lorentzo auzoan, beti lekuan, zubi ondoan, ura bete bidetik irten da.

Bailara alderik alde zeharkatzen duen bidegorriaren hainbat zati itxita daude, ur putzuengatik. Besteak beste, Oñatiko Madalena auzoko bidegorri zatia eta Elorregitik pasatzen den bidegorria. 

Uholde Arriskurako Plan Bereziak larrialdi fasean jarraitzen du, eta Eusko Jaurlaritzaren Krisi Mahaia goizean elkartu da berriro ere. Prezipitazio iraunkorrengatik Gipuzkoan eta Bizkaian ezarritako abisu horia, ostera, 15:00ak arte egon da indarrean. Izan ere, elurrarengatik aktibatuta zegoen alerta laranja desaktibatu orduko, euri-jasengatik aktibatu zen alerta. Elurrak, euriari eman dio paso. Eta, ibaiak hazi aurretik, elurra izan da oztopoak sortu dituena. Bereziki, errepidean, eta bereziki, Arantzazura igotzekoan.

Elurra puntu altuetan

Zapatutik domekara botatako elurtea gozamenerako aitzakia izan zen herritar askorendako. Arantzazura iritsi zirenak, Azkoagainen zegoen kontrola pasatakoak ziren. Hau da, autoan gurpil egokiak zituztenak.  Behin goraino helduta, eskiak edo lerak atera, eta elurraz disfrutatu zuten. 

Euri-jasak gutxitzera

Euskalmeten arabera gaur arratsalderako gutxitu egingo dira euri-jasak, eta erreken ur-mailak jaisten joango da, orokorrean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak