Ainhoa Larrañaga, amiantoaren biktimen aldeko ekintzailea da, eta amiantoaren eraginez sortzen diren minbiziak onartzeko, Osakidetzak eta instituzio publikoek ez dutela erraztasunik jartzen dio, oztopoak baizik.
Gertutik jarraitu duzu lana, ezta?
Ni izan nintzen dokumentala egin dutenen gradu bukaerako ikasleen tutore akademikoa, eta bizi izan dudanarekin nik eraman nuen proposamena. Talde honek egin zuen lana, eta, ekainean aurkeztu zuten arren, hedapena sasoi honetarako utzi genuen.
Celestino Tolosaren istorioa hartzen du abiapuntu dokumentalak. CAF enpresako langile ohia izandakoak asbestosiaren ondorioz birika transplante batean bizia galdu zuen. "Bizi izan dudana", diozu; zergatik?
Nire aitak, Ricardo Larrañagak, 48 urtez egin zuen lan Bergaran, Arcelorren. Beti aipatzen zuen amiantoarekin lan egiten zuela, eta beldurra zuela izango zituen ondorioengatik. Aita oso osasuntsu zegoen, eta duela hiru urte gaixotzen hasi zen: azkurak gorputzean, argaltzen hasi zen, eta bi bulto atera zitzaizkion, bata lepoan eta bestea bular gainean. Hala, hainbat proba egin ondoren Arrasateko Ospitalean, biopsiaren emaitza izan zen birikitako minbizi aurrera-tua eta agresiboa zuela; lau hilabeteko bizi-itxaropena emanda. Gero, Txagorritxun hasi ginen tratamenduarekin…
Eta orduan zer egin zenuten?
Bergarako LAB sindikatukoekin elkartu nintzen, amiantoaz zer zekiten hitz egiteko, eta gero, Jesus Uzkudunekin kontaktatu nuen. Susmoa nuen gure aitaren heriotza amiantoarengatik izan zela, eta, aitari baimena eskatu nion tramiteekin hasteko; aurrera egiteko esan zidan. Martitzeneko mahai-inguruan behin eta berriz aipatu zen bezala, aitaren lehen diagnostikoan tematu ziren erretzailea izan zela adieraztea. Aitak oso gutxi erre zuen; gaztetan, soilik. Ondoren, Osalaneko teknikari bat etxera etortzea lortu genuen, balorazio bat egin zezan. Elkarriz-ketaren emaitza izan zen gure aitak amiantoarekin lan egin zuela: alde guztietan zuen; oinetakoetan zuen amiantoa...
Hurrengo urratsa, prozedura administratiboarekin jarraitzea izan zen?
Donostian, tribunal medikua pasatzea izan zen, aitortzeko gaitza zela gaixotasun profesional bat. Hau da, lanbidearen ondorioz eragindakoa. Aita oso gaizki zegoen, eta ez zuen esperantza handirik. Ez zen diruagatik, justiziagatik zen. Bertara iritsi, aita bakarrik sartu, eta non lan egin zuen ere ez zioten galdetu. Nik esan nion medikuari 48 urtez amiantoaz lan egin zuela aitak, eta berak erantzun: "Orain belauneko mina duzu, eta hori ere amiantoaren errua da".
"Nire hipotesia da amaren minbizia aitaren arropak garbitzetik etorri zela, agian"
Administrazioen aldetik lagundu beharrean, prozedurak oztopatzeko sentsazioa izan duzu?
Interesak daude enpresaren aldetik, Osakidetzaren aldetik... Aita urtebeteko prozesu gogor baten ostean hil egin zen 2019eko ekainean; ez zioten autopsiarik egin, eta hor geratu zen gaia. Gero, 2021eko uztailean, ama, Urrategi Elortza, minbiziarekin hil zen. Nire hipotesia da amaren minbizia, agian, aitaren arropak garbitzetik etorri zela. Bergaran ere badago kasu bat, Ceciaga familiarena. Andrea eta gizona asbestosiarengatik hil zirenak; amiantotik eratortzen den minbizi mota da. Medikuak aitortu zuen andreari minbizia arropak garbitzetik etorri zitzaiola, eta baliteke gure kasuan ere hala izatea.