Amiantoari buruzko 'Hauts' dokumentala hilaren 23an estreinatuko dute Seminarixoan

Jone Olabarria 2021ko aza. 17a, 19:26

Azaroaren 23an estreinatuko dute Bergarako Seminarixoan, 18:30ean, eta proiekzioaren ostean Asviamieko presidentea den Javier Marquesek, Jesus Uzkudunek eta Ainhoa Larrañagak –kaltetu baten alaba– amiantoaren gaia landuko dute mahai-inguruan.

'Hauts’ dokumentalak amiantoaren biktimen eta haien senideen sufrimendua azaleratzea du helburu. Horretarako Celestino Tolosaren istorioa hartzen du abiapuntu: CAF enpresako langile ohia izandakoak asbestosiaren ondorioz birika transplante batean bizia galdu zuen. "Urtean batez beste 88.000 heriotza eragiten ditu Europar Batasunean, eta milaka langileri eragiten dien arazoa da, gaur egun gaixotzen jarraitzen baitute 2000. urtearen aurretik izan zuten kontaktuagatik".

Dokumentalaren egileen arabera, arreta berezia jarri nahi izan dute "erakundeen interesetan": "Arazoaren garrantzia ezkutatu dute, horrela, amiantoak eragindako milaka hildako agerian ez geratzeko, isilean, merezitako aitorpenik gabe".

Zazpi testigantza

Guztira, zazpi pertsonen testigantzak batzen ditu dokumentalak: Otsanda Tolosa (kaltetu baten alaba), Jesus Uzkudun (Asviamieko kidea eta kaltetua), Nuria Bustos (Celestino Tolosaren kasuaren abokatua), Santiago Izquierdo (kaltetua), Felix Casado (kaltetua), Jon Garcia (CAFeko langile ohia eta Asviamieko kidea) eta Emiliano Briceño (pneumologoa).

Dokumentala Ekhiotz Mancisidorrek (zuzendaria), Omar Granak (ekoizpen arduraduna) eta Iñaki Fernandezek (dokumentalaren edukia eta narratibaren arduraduna) egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Piztu meta! 2021' deialdiaren bidez finantzatutako crowdfunding kanpainarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak