2018 eta 2019an Felix Sanchezek World Athletics-ek antolatutako urteko argazki onenaren saria irabazi zuen. Selemon Barega iraupen luzeko atleta etiopiarra zuen protagonista 'Bedeinkazioa' argazkiak; Shelly-Ann Fraser-Pryce abiaduran espezialista den jamaikarra, aldiz, saridun izan zen bigarren erretratuak.
2021eko edizio honetan hiru argazki finalisten artean bailarak ordezkaritzarik izango ez duen arren, bi dira 25 erretratuko sareko erakusketan protagonista diren debagoiendarrak: Malen Ruiz de Azua eta Felix Sanchez.
Lehenak objektiboaren aurrean izango du presentzia, The Hunger (athletics) Games Sergio Mateo Maria gaztelarrak egindako argazkiaren protagonista baita arrasatearra. Silesian, Polonia, jokatu zen Taldekako Europako Txapelketan egindako jauzi baten osteko unea jasotzen du irudiak. Bigarrena, berriz, objektiboaren atzean aritzen da, eta Tara Davis luzera jauzilari estatubatuarrari Olinpiar Jokoetan ateratako irudiaren bidez sartu da erakusketan.
Errekonozimendua
"Bi urtez argazki onenaren saria irabazi ostean, maila txikiagoko saria da erakusketarako nire argazki bat hautatu izana", adierazi dio Sanchezek Goienari. Hala ere, Olinpiar urte batean sariketara aurkeztutako 112 argazkien artetik 25 onenen artean egotea, edo Sanchezek berak esan bezala, "berriz hor egotea", errekonozimendu gisa hartu du oñatiarrak: "Ez da erraza, eta akaso, orain jabetzen naiz zein zaila den bi urtez jarraian lortutakoa errepikatzea".