Atletismo arloan, 2018ko mundu mailako argazki onena izan daiteke Felix Sanchez oñatiarrarena. Lau dira sari hori irabazteko hautagaiak, eta epaimahaiak abenduaren 4an hartuko du erabakia, Monakon.
Urtarrilaren 14an atera zuen argazkia Sanchezek, Elgoibarko krosean. Ordura arte ezezaguna zen Selemon Barega atleta gazteak irabazi zuen proba, eta, helmuga zeharkatu ostean, belauniko jarri zen, garaipena ospatzeko. Momentu hura aprobetxatu zuen oñatiarrak. Haren esanetan, argazkia "desberdina" da. Hainbat arrazoi aipatu ditu. "Lehenik, krosa delako. Atletismoan, baztertutako diziplina da krosa, pistak askoz indar handiagoa du. Haren keinua ere esanguratsua da, Jainkoari eskerrak ematen. Atletismoko pista batean dago, eta goitik behera lokaztuta". Gaineratu du momentuan bertan ohartu zela argazkiak bazuela "zerbait berezia". "Egun hartan bertan partekatu genuen Instagramen eta izugarrizko arrakasta izan du ordutik. Hala ere, esan beharra daukat orain politagoa ikusten dudala lehen baino".
Atleta bera ere erabakigarria izan da Sanchezek argazki hori aukeratzeko orduan. "Elgoibarko lasterketan egin zen ezagun. 18 urte besterik ez du, eta inoizko laugarren markarik onena ezarri du 5.000 metroko proban. Promesa izateko hautagaia da", azaldu du.
Sanchezek, normalean, ez du parte hartzen lehiaketa horretan, "argazkia bidaltzeak gastu bat dakarrelako eta parte-hartzea ordaindu egin behar delako". Hala ere, argazki hori edukita, izena ematea erabaki du, eta dagoeneko lorpen handi bat bereganatu du. "Lau onenen artean egotea sari handia da niretzako, eta galan egoteko aukera izatea ohorea da. Irabaztea, berriz, sekulakoa izango litzateke", azpimarratu du.
Hiru aurkariak
Beste hiru argazkiei dagokienez, bat da Sanchez bereziki kezkatzen duena. "Uste dut hesien aurrean etzanda dagoen kirolariarena izango dela aurkari gogorrena. Besteak artistikoagoak dira. Oihuaren argazkiak, nire ustez, ez dauka ezer, eta itzalaren argazkia, oso artistikoa den arren, ez da askorik ikusten. Gero, agian, horietako bat izango da irabazle, baina, nire ustez, aurkaria bestea da".
Behin hor egonda, irabaztea izango da haren helburua. "Instagram sare sozialean faborito moduan dago nire argazkia, baina, gero, epaimahaiak izango du azken hitza", adierazi du.