"Oso oso pozik nago. Bigarren urtez segidan aukeratu dute nire argazki bat atletismoko nazioarteko argazki lehiaketarako. Mundu osoko argazkilariek ateratako 112 lan aurkeztu dira eta horien artean hiru heldu dira finalera. Tartean, nirea. Pozik nago, bai, oso pozik", dio Felix Sanchez argazkilari oñatiarrak.
Argazkiak bere historia propioa du, gainera. Sanchezek beste argazki baten alde egiten zuen. Burugogor jarri ei zen argazki harekin, hura aurkeztu behar zuela esanez. Baina azkenean ondoko lau lagunek behin eta berriz esaten zioten gomendioari kasu egitea erabaki zuen, argazki haren ordez hau aurkezteko, Shelly-Ann Fraser-Pryce korrikalariari Dohan (Katar) ateratakoa. Eta finalerako aukeratua izan da. "Eskerrak kasu egin nien".
Pasa den urriaren 1ean atera zion Shelly-Ann Fraser-Pryce korrikalariari argazkia Sanchezek, Sonny etxeko argazki kamara batekin, Dohan egin ziren munduko txapelketan. "Munduko onena da. Ama izan da eta etenaldi bat egin du atletismoko txapelketetan, baina bueltatu da eta onena izaten jarraitzen du. Onena zen ama izan aurretik eta onena da ama izanda gero ere. Mezua du argazki honek", dio Felix Sanchezek. Finalera heldu diren beste bi argazkiak ikusi dituela dio eta onak direla aitortu, nahiz eta berea gehiago gustatzen zaion.
Zapatu iluntzean izango da sari banaketa ekitaldia Monakon eta hantxe jakin araziko dute zein dan atletismoko argazki onena. Ekitaldian egongo da argazkilari oñatiarra.