Ezustekoa eman du Eneko Agirrezabal segurarrak. 1994tik bi gipuzkoarrek baino ez dute irabazi Behobia eta Donostiako arteko 20 kilometroko lasterketa. Diego Garcia azkoitiarra izan zen orduan txapelduna, eta Chakib Lachgar oreretarra 2019an.
Emakumezkoetan ez da sorpresarik izan, Nuria Lugueros leondarra baitzen hasieratik faborito. Lehen aldia zuen Behobia-Donostian, eta, hala ere, bigarrenari ia minutu bateko aldea atera dio.
257 debagoiendarrek bukatu dute
Debagoieneko azkarrenak aipatuta, Beñat Arnaiz eta Saioa Arkonada izan ziren azkarrenak. Biak ere eskarmentu handia dute lasterketetan. Arkonada, esaterako, bailarako emakume azkarrena izan zen pandemia aurreko azken Behobia-Donostian, 2019an. Onenak emanda, lasterketa topera eginda sartu da helmugara oñatiarra, arnasa hartu beharrean. Aretxabaletarra berriz aurpegi hobearekin helmugaratu da. Arnaizen ondoren sartu dira, esaterako, Mikel Gomez bergararra, Mikel Ruiz, Xabi Lete eta Andoni Correas oñatiarrak, Iker Larrea antzuolarra eta Josu Uribarren arrasatearra, besteak beste.
Guztira 250 debagoiendarrek bukatu dute Behobia-Donostia lasterketa korrika: Antzuolakoak 15, Aramaiokoak 3, Arrasatekoak 70, Aretxabaletakoak 35, Bergarakoak 59, Eskoriatzakoak 15, Elgetakoak 6, Leintz Gatzagakoak 1 eta Oñatikoak 46. Beste zazpik, patinen gainean: Bergarako bostek eta Aretxabaleta eta Eskoriatzako banak. Guztien denborak ikusita, hauek dira bailarako lehen hiru mutil azkarrenak gaurko lasterketa honetan: Beñat Arnaiz, (Aretxabaleta), Andoni Gomez (Bergara) eta Mikel Ruiz (Oñati). Nesketan: Saioa Arkonada (Oñati), Jone Agirregabiria (Arrasate) eta Itziar Aldekoa (Bergara).
Iazko etenaren ostean aurten 25.000 korrikalaritik gora azaldu dira lasterketa sonatuan parte hartzera eta protokoloa jarraituta burutu da. Helmuga zeharkatu ahalaz bat, Donostiako kaleetara bideratzen zituzten parte-hartzaileak, eurendako gordeta zituzten poltsak banatu, platanoak eskaini eta bakoitzak bere etxerako bidea jarraitu zezan. Euskaraz entzuten zen korrikalarien artean, baina gaztelera asko eta baita frantsesa ere. Kuadrillan joanak ziren asko eta asko, eta batzuk aurretik jarrita zuten tokian elkartu dira gero, bata besteari zain egotea zaila izan delako, antolatzaileek ez baitute utzi kalean geldirik denbora luzez egoten, are gutxiago taldean. Mozorrotuta edo mezu propioak irakur zitezkeen kamisetekin egin dute batzuk lasterketa eta askok eta askok atera dituzte selfie argazkiak helmuga zeharkatu eta lasterrera, etxekoei, lagunei, bukatu dutela esateko. Behobia-Donostia lasterketa gehienetan gertatu izan den moduan, gaur ere askok dute bazkaltzera joateko plana.