Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, zapatu arratsaldean aldarrikapenez josi zituzten herritar ugarik Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzaren egoitzaren eta Arriaga Antzokiko atariaren arteko kaleak. LAB, Steilas, CCOO, ESK eta CNT sindikatuekin batera, 127 ikastetxek, haur eskolak eta guraso elkartek egin zuten bat deialdiarekin; horien artean, baita Goieskolak ere.
Egungo hezkuntza sistemak eskola publikoaren "kaltean" jokatzen duela salatu zuten mobilizazioaren amaieran egin zuten adierazpenean, "segregazioa, bi mailako ikasleak eta gizarte haustura sortzen dutela" argudiatuta. Bide horretan, bost aldarrikapen nagusi egin zituzten: "eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa" izatea; publikoa, euskalduna eta inklusiboa den "eskola bakarra" sortzea; hezkuntza pribatu-itunduari "mugak jartzea", diru publikoaren erabilera "bidezkoagoa eta efizienteagoa" eginez; ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen "araudi adostua" sortzea; eta, azkenik, euskarazko murgiltze eredu orokortua bermatzea.
Interpelazio eta eskaerak
Aldarrikapenez gain, interpelazio zuzena egin zioten manifestazio osteko adierazpenetan Eusko Jaurlaritzari eta sare pribatuko ikastetxeei, "egoera diskriminatzaile honetara" iristeko egindako hezkuntza politikengatik eta "pribilegioak mantendu eta segregazioa areagotzen laguntzen dutelako", hurrenez hurren.
Horrez gain, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari "eskola-segregazioaren kontrako eta gizarte kohesioaren aldeko konpromiso argia" azaldu dezala eskatu zioten.